Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Gogoan hartzeko izenak: Roberto Aranburu eta Josemari Iturriotz

2018-11-15

Joseba Zabalza - Argazkilaria

1978ko azaroaren 15ean, arratsaldeko 6ak aldera, Komando Autonomo Antikapitalistetako talde batek Guardia Zibilaren Aretxabaletako kuartela metrailatu zuen. Roberto Aranburu, José María Iturriotz eta Kike Zurututza ziren komandoko kideak. Kuarteletik erasoari erantzun, eta hirurek alde egin zuten. Ihesaldian, ordea, ez ziren ohartu kuarteleko guardia batzuk atzetik zihoazkiela, kaleko jantzita eta auto kamuflatu batean. Arrasate aldean, auto-ilara bat topatu, eta aurrera egin ezinik geratu ziren; ibilgailutik ateratzen saiatu zirenean, guardia zibilak tiroka hasi zitzaizkien. Bi han bertan hil zituzten, eta hirugarrena larri zauritu zuten, zenbait tiro botata. Larrienak birika zulatu zion. Handik minutu gutxira, beste tiroketa bat gertatu zen: Arrasateko guardia zibilak nahasi eta komando bateko kidetzat hartu zituzten Aretxabaletatik heldutako agenteak, kaleko jantzita baitzeuden eta metrailetak baitzeramatzaten. Bigarren tiroketa hartan, lau pertsona zauritu zituzten, eta haietako bat hil egin zen, Emilia Larrea Sáenz de Adacia, ezkondua eta hiru seme-alabaren ama, lepoan tiro bat jasota, baserriko banku batean eserita zegoela. «Hau guztia oso aldatuta dago. Orain badira etxeak leku guztietan, baina garai hartan aldiriak ziren hauek. Izan ere, etxe-multzo horiek dauden tokian zegoen orduan Emiliren baserria, eta hantxe hil zuten», esan dit Imanolek, Robertoren anaiak.

Imanolek gogoan du nola jakin zuten gertatutakoa. «Bagenekien tiroketa bat gertatua zela. Gaueko 9ak aldera, osaba bat etorri zen etxera, eta galdetu zigun ea Roberto etxean ote zen. Hildakoetako bat zelako susmoa zeukan. Orduan, aita ospitalera joan zen, eta hantxe aurkitu zuen gorpua». «Guk haren emazte Arantzak esanda jakin genuen. Hasiera batean, ez zekiten garbi nor zen, beste nortasun-agiri bat zuelako, erakundeko kide liberatua baitzen. Ez dakit, beharbada Poliziak jakinarazi zion emazteari», esan digu Xabierrek, Iturriotzen anaiak. Gertatutakoaren bertsioak kontraesanez beteak dira. Guardia Zibilak esaten du komandoko kideek armak atera eta gero hasi zela tiroketa. Han ziren lekukoek esan zuten tirokatu egin zituztela eta ez zela inolako erantzunik izan gazteen aldetik. Geroko tiroketa guardia zibilen artekoa izan zen; hori argi eta garbi dago.

Guardia Zibilaren ekintzak zalantza handiak piztu zituen. Eusko Jaurlaritzako orduko Barne Saileko titular eta PSOEko agintari historiko Txiki Benegasek gogor kritikatu zuen gertatutakoa. Adierazi zuenez, komandoetako kideek ez zeramaten armarik ihes egiten saiatzen ari zirenean. Gorputz bereko agenteen arteko liskarrean –hau da, Emilia Larrearen heriotza ekarri zuen hartan– zer gertatu zen azaldu eta gero, honako hau adierazi zuen sailburuak komunikatuaren pasarte argienetako batean: «Azaldu ezinezkoa da indar publiko batek egoera hartan izandako jarduna, itsumustuan aritu baitziren tiroka, hildako bat eta zauritu batzuk eraginda herritar zibilen artean. Lasaitasun handiz epaitu behar da halako gertaera bat, honako bi arrazoi hauetako baten ondorioa baita: edo hausnarketa-falta arduragabe bat, edo oraindik ere jarrera arriskutsuago bat, hots, gizartea etsaia balitz bezala herritarren kontra aritzen den indar bat». Asmo onez idatzitako ohar hark gaitzespen ugari ekarri zizkion Benegasi, ekintza polizial neurrigabea arbuiatzen ausartu baitzen. Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan zuen ordezkari gorena eta orduko Barne ministro Rodolfo Martín Villa oldartu zitzaizkion, besteak beste. Paradoxikoa da, dena den, hura esatera ausartu zen politikaria gerora GAL sortu zuen alderdi bateko kidea izatea; izan ere, Amedok leporatu zion Santi Brouard buru abertzalea hiltzea erabaki zen bilkuran parte hartu izana, eta, halaber, Garzón epaileak inputatu egin zuen, alderdiko beste kide ohi batek bere kontra deklaratu eta gero –Ricardo García Damboreneak, hain zuzen, zeina Segundo Marey bahitzeagatik kondenatu baitzuten–.

Bi gazteak hil eta gero, greba orokor bat antolatu zen Gipuzkoan; Robertoren sorterrian, Arrasaten, hiru egun iraun zuen. Euskal Herri osoan izan ziren manifestazioak, bereziki Gipuzkoan, eta liskarrak sortu ziren haietako askoren bukaeran. Bereziki gogorrak izan ziren Arrasatekoak.

Imanol Aranburu Uribarren eta Xabier Iturriotz Garmendia, haien anaiak 1978ko azaroaren 15ean tirokatuta hil zituzten kalean. 

«Robertoren heriotzak ustekabean harrapatu gintuen, zeharo», esan digu Imanolek. «Bagenekien manifestazioetara eta bilkuretara joaten zela, baina ez komando batean sartuta zegoela. Hil zenean, urtebete baino gutxiago zeraman Komando Autonomo Antikapitalistetako kide gisa. Hiru militanteetatik tiro bakar bat jaso zuen bakarra izan zen». «Badakigu, lekukoek esanda, Roberto ihesean saiatu zela eta atzeko aldetik egin ziotela tiro. Hala frogatzen du bizkarraldean zuen balak».

«José Mariren kasua bestelakoa da. Lehenbizi, ETAn egon zen; oso gazte sartu zen, 18 bat urte zituela. 1976an, inguruko jendea erori eta gero, Madrileko kuarteletik ihes egin –soldadutza egiten ari zen han–, eta Iparraldean ezkutatu zen», gogoratu du Xabik. «Amnistiaren ondoren itzuli zen; ezkondu, eta alaba bat izan zuen, baina barruan zegoen oraindik, Komando Autonomoetan. Irailean atxilotu zuten, hil baino bi hilabete lehenago. Antza denez, itaunketan aitortu zuen zulo baten berri bazuela, eta Guardia Zibilari erakustera joan zirenean egin zuen ihes, eskuburdinak jarriak zituela, ibaibide batetik lasterka».

«Gorpua Legorretara ekarri, eta pilotalekuan egin zen hileta. Oso gogorra izan zen gurasoentzat. Aita bihotzekoak jota hil zen lau hilabete geroago, eta amak sekula ez zuen gainditu semearen heriotza. Horiexek izan ziren familiak José Mariren heriotzaren ondoren jasan zituen albo-kalteak». Xabierrek gogoratzen du anaia «oso ipurtarina eta parrandazalea zela. Zapa ezizena aitarengandik zetorkion, zapataria zen eta. Hemen aritu zen ikasten, Arrasaten, lanbide-eskolan, eta orduantxe hasi zen haren militantzia politikoa. Jende asko ezagutu zuen, eta makina bat lagun egin zuen herrian».

«Roberto, Zapa ez bezala, serio samarra zen, eta nahiko pertsona zintzoa. Hori bai, oso militantea. Oñatin ikasi eta gero, fundizio batean hasi zen lanean. Ustekabe itzela izan zen haren heriotza, eta pixkanaka-pixkanaka egin genuen aurrera. Amari kostatu zitzaion gehien, baina aita beti egon zen amaren ondoan, laguntzeko prest. Harrezkero, ama beti beldur zen antzeko zerbait gertatuko ote zitzaigun gainerako anai-arreboi. Nolabait, esaten zigun familiak prezio bat ordaindua zuela jada, nahikoa zela. Jarraitzen zigutela sumatu genuen, behin edo behin. Roberto hil eta gero, Guardia Zibila etxean agertu zen, metrailetak eskuan. Gure logela miatu, baina ez zuten ezertxo ere eraman» gogoratu du Imanolek.

Hartaz berriro hitz egiteko eta guztia gogora ekartzeko aukera izan dute bi familiek, eta ia aho batez erantzun dute Xabierrek eta Imanolek: «Ez da inongo taburik izan gertatutakoaz hitz egiteko, baina ohiko hizpidea ere ez da; ez dago debekurik, baina ez da erraza hartaz hitz egitea».

OHARRA: "Gogoan hartzeko izenak" liburutik hartuta.