Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Laurogeita bi urte dira

2018-07-20

Hektor Ortega - Kazetaria

Laurogeita bi urte dira Espainiako Armadako eskuin muturreko atalak matxinatu zirela, eta bidebazterrak hilotzez ereinda segitzen dute. Mila-milaka familiek ez dakite heriotza-eskuadroiek zer egin zioten beren senideari, non hil zuten, nora jaurti zuten gorpu.

Laurogeita bi urte dira eta kolpe militarrak ekarri zuen diktaduraren auzitegietako ebazpen eta kondena guztiak indarrean daude. Inork ez ditu baliogabetu, ezeztatu, arbuiatu.

Laurogeita bi urte dira eta inoiz ez da inor auzipetu diktadurak egindako krimen bakar batengatik ere.

Laurogeita bi urte dira eta diktadorearen loriarako eraikitako monumentuak bere horretan dirau, harro bezain ukiezin.

Laurogeita bi urte dira eta diktaduraren buruzagi zein indar errepresiboetako kideei omenaldiak egiten dizkiete, dominak eman eta are gorazarrezko liburuak plazaratu, justifikatu beharrik ere izan gabe. Barne Ministro batek demokraziaren defendatzailetzat aurkeztu ditu.

Laurogeita bi urte dira eta diktadurari armak eskuetan aurpegia eman zioten euskaldunen memoria jazarria eta auzipetua izaten da. Oraindik ere legez kanpoko subertsibo arriskutsuak dira.

Laurogeita bi urte dira eta diktadorearen estatuko egitura errepresibo nagusiek (auzitegiak, poliziak, zerbitzu sekretuak...) bere horretan diraute, izena aldatuta zein aldatu barik.

Laurogeita bi urte dira eta diktadoreak izendatutako oinordekoa eta honen oinordekoa dira estatu buruak.

Laurogeita bi urte igaro diren arren, ez da memoria handirik behar. Nahikoa da begiak irekitzea. ‚óŹ