Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Gogoan hartzeko izenak: Joxe Arregi Izagirre

2018-02-09

Joseba Zabalza - Argazkilaria

Joxe Arregi Izagirre ez zen izan torturatu ondoren hildako lehen euskal herritarra, ezta azkena ere. Dena den, haren gorputz jipoituaren argazkiak herri honen amesgaiztoaren parte izan dira, zalantzarik gabe. Tortura, odola gatzatzen duen izugarrikeria hori, su bidez (benetan, su bidez) markatua zuen oinazpietan, gorputz osoko kolpeetan eta heriotzaren koloreko hematoma guztietan. Joxek bederatzi egun eman zituen infernuan bizirauten, eta hilzorian bidali zuten espetxera, nahiz eta ez zen epaile baten aurrean agertu ere egin. Autopsiaren arabera, pneumoniak jota hil zen, eta bazituen tratu txarren aztarnak gorputzean. Espainiako Gobernua saiatu zen gertaturikoa ez zedin azaleratu, eta agindu zuen hilkutxa inola ere ez irekitzeko, eskandalua saihesteko. «Otsailaren 4an, jakin genuen lau lagun atxilotuak zituztela Madrilen eta haietako bat Joxe zela. Hasiera batean, pentsatu genuen bera zela bala batez zauritutakoa, baina ez, beraren kideetako bat zen. Inkomunikatuta zegoen, eta gu zain geunden, ezin baikenuen beste ezer egin. Otsailaren 13an, legezko inkomunikazio-aldia amaitzear zegoenez, Madrilera joateko bidaia prestatzen ari ginen, eta orduan jaso genuen hil zelako berria. Nik irratiaren bidez jakin nuen», gogoan du Maribik, Joxeren arrebak.

Inkomunikazio-aldian, tortura itzelak eragin zizkioten. Espetxera eraman zutenean, hiru preso politikok lagundu zioten: haietako bat ETAkoa zen; beste bat, GRAPOkoa, eta hirugarrena, PCE(r)-koa. Esan zienez, ordu mordoa utzi zuten barra batetik zintzilik, eta ikusi ezin izan zuen zerbaitekin erre zizkioten oinazpiak. Gorputz osoan jipoitu zuten, borrekin; ukabilkadak eta ostikoak jo zizkioten, eta haren bularraren gainean egin zuten salto. «Oso latza izan da». Hori da haren heriotzarekin betiko lotuta egongo den esaldia, Poliziak jasanarazi ziona laburbiltzen duena. Preso haiek Joxeri laguntzen eta zaintzen saiatu ziren. Gaua ia lo egin gabe eta beherakoarekin igaro zuen, eta, hurrengo goizean, espetxeko mediku-zerbitzuei deitu zieten, haren egoera ikusita. Iñaki Agirrek, haietako batek, telegrama bat bidali zion familiari, nola zegoen jakin zezaten. Telegrama iritsi zen une berean, hila zela jakinarazi zieten. Espetxeko medikuek, nola zegoen ikusita, ospitalera eramatea erabaki zuten. Ez zuen denborarik eman; espetxean bertan zendu zen, igogailuan, antza. Azken uneetan harekin egon zen kideak esan zuenez, hau entzun zion kartzelari bati, oihuka: «Etakide bat hil da, gora Cristo Rey!».

Kideek gutun bat atera ahal izan zuten espetxetik, eta Egin egunkarian argitaratu zen. Gutun hartan, komisarian egin zioten guztia eta espetxean nola hil zen kontatu zuten. Greba orokor baten deialdia egin zen berehala; langile gehienek bat egin zuten, eta Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak gogor zapaldu zuten. Joxeren herrian, gorpua plazan ipintzea onartu zuen familiak, hileta han egin baitzen. Gero, senideek eta lagunek bizkar gainean eraman zuten gorpua, hilerriraino. Panteoiraino egin zituzten lau kilometroak minaren sekulako erakusgarria izan ziren. Tentsio-une ugari egon ziren, Polizia inguruan baitzegoen, zelatan.

Ehortzi ostean, egiarekin konpromisoa sentitzen zuten hiru pertsonak denok ezagutzen ditugun argazkiak egin zituzten. Lur eman zioten gau berean, Juan Kruz Unzurrunzaga eta Bixente Ameztoi gorpuaren bila itzuli ziren, ehorzle batek lagunduta, eta, hilerriko gela batean –mantekin estali zuten, arrastorik ez uzteko–, hilkutxa zabaldu, eta hil-oihala kendu zioten gorpuari. Erabat ikaratuta gelditu ziren gorpua ikusi zutenean. Zortzi minutu inguru egon ziren horrela, gorpua kutxan berriz sartu arte.

«Guk beti pentsatu genuen Joxeren gorpuaren argazkiak Madrilen egin zituztela. Urte askoren buruan, jakin genuen Zizurkilgo hilerrian bertan eginak zituztela argazkiak, gorpua lurperatu ostean. Irudi haiei esker, begi-bistan geratu zen zer egin zuten Joxerekin, zer tortura jasan zituen. Argazkirik gabe, ez luke inork ezer jakingo». Maribiren hitzek esker ona adierazten dute.

Maribi Arregi Izagirre, Joxe Arregi ETAko kidearen arreba. 

«73 poliziek torturatu zuten Joxe. Ez zituzten zigortu, eta, are gehiago, haietako batzuk kondekoratu zituzten», oroitu du Maribik. Heriotza pneumonia batek eragina ziola adierazten zuen autopsian, ordea, ez zen argi eta garbi jasotzen tratu txarren ondorioa zela Joxeren birikan ura pilatu izana. Hauxe zioen txosten medikoko lehen puntuak: «Heriotzaren kausa arnas hutsegite bat izan da, prozesu bronkopneumoniko batek eraginda, biriketako edema bilateral handiarekin eta hala bi pleura-barrunbeen nola perikardioaren isuriarekin». Egun haietan, Santi Brouard euskal medikuaren hitz zilegituek atxilotuari gertaturikoa argitzen lagundu zuten (zenbait urte geroago, GALek hil zuen Santi). Brouarden arabera,  bronkopneumonia lasai asko harrapa daiteke bainuontzi deritzon tortura jasan ondoren; atxilotuaren burua ur zikinetan sartzen dute, eta ur hori pixkana irensten du, itotzeko zorian dagoenean. Birikan sartzen diren germenek hiltzeko moduko pneumonia eragin dezakete».

Torturen partaide izan ziren polizia guztien artean, bostek soilik joan behar izan zuten epaitegira: Juan Luis Méndez Moreno, Juan Antonio Gil Rubiales, Julián Marín Ríos, Ricardo Sánchez eta Juan Antonio González. Haietako biri hiru eta lau hilabeteko atxiloketa-zigorra ezarri zieten, 1989an, erailketa gertatu eta zortzi urtera, eta, bistan denez, ez zuten zigorra bete. Are, ordurako, batzuek bazituzten maila altuagoko lanpostuak. Defentsak gogo txarrez onartu zituen tratu txarrak, autopsia irmoa baitzen gai horretan; hala ere, polizia kopurua handia zenez, inork ez zuen zigor gogorrik jaso. Izan ere, «ezinezkoa zen jakitea zein funtzionariok jo zuten atxilotua. Hala eta guztiz ere, Joxek bere burua zauritua zuela entzun behar izan genuen, eta beste batzuek esan zuten eskaileratik behera bota zuela bere burua», gogoan du Maribik. Zalantza zegoenez, denak absolbitu zituzten.

Duela urte asko erabaki zen Torturaren Aurkako Eguna otsailaren 13a izango zela; Joxe Arregiren heriotzaren urtemuga, hain zuzen. Egun horretan ekartzen ditugu gogora bai iraganean bai orain torturaturiko milaka euskal herritarrak. Urte hartan, 1.300 lagun atxilotu zituzten Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduarekin lotuta; Joxe haietako bat izan zen, eta ez zuten bera bakarrik torturatu. Memoriarekin lotutako zenbait taldek eginiko kalkuluen arabera, 10.000 pertsona inguruk jasan dute tortura azken 50 urteotan.

Joxeren heriotza dela eta, Udalak osoko bilkura egin zuen herrian, eta plaza bati haren izena ipintzea erabaki. Hainbat urte geroago, 2008ko apirilaren 14an, ezker abertzalea legez kanpo zegoela baliatuta, beste bilkura batean ia aho batez erabaki zen –EAJ, EA, PSE-EE, PP eta Ezker Batuarekin botoekin; Aralarrek soilik eman zuen kontrako botoa– Joxe oroitzeko plaka kentzea eta plazaren izena aldatzea. Berdin jokatu zuten Joxelu Geresta oroitzen zuen plakarekin; hura ere etakidea izan zen, eta egoera arraro batean zendu zen. Proposamena Miguel Ángel Blancoren senideek, Fernando Múgica Herzogek eta Dignidad y Justicia fundazioak egin zuten. Ofizialki, plazak ez du jatorrizko izena berreskuratu, baina Zizurkilgo herri osoak Joxe Arregi plaza izenez ezagutzen du.

«Joxe oso pertsona enpatikoa zen, eta ideologia askotako lagunak zituen; horregatik sentitu zuen jende askok pena hil zenean. Oso pertsona ona zen, eta beti zegoen laguntzeko prest. Euskal kulturan ere oso sartuta zegoen: euskara, dantza… Txistua atsegin zuen. Oso mendizalea zen», gogoratu du Maribik. «Nahi nuke pertsona orok jakitea ezen, nik, Joxe Arregiren arreba naizen aldetik, ez dudala eskatzen Espainiako estatuak nire anaiari egin ziona onartzeko besterik. Onar dezatela torturen ondorioz hil zela Joxe».‚óŹ

OHARRA: "Gogoan hartzeko izenak" liburutik hartuta.