Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Legea, bai, baina Biktima Guztiena eta diskriminaziorik gabe

2016-07-08

Juan Mari Zulaika - Goldatuko kidea

Bake eta Elkarbizitzako Egitasmoan Jonan Fernandez idazkariak kudeatzen duen «urrats txiki edo nini-akordiotako» politika ez dugu esango erabat okerra denik, baina bai, diskriminatzailea. Kartzelan hestekiak zatitzen zizkiguten eran historia zatikatzeak, bortxakeriaren hasiera 60ko urtean kokatzeak, gerra eta hurrengo 20 urteak ahaztuaz, ´polizi abusuak´ edo ´errepresio debekatuak´ esaldi leungarriak erabiltzeak, euskal gatazka  faltsutzen dute, PPek hain gustuko dituen diskurtso doilorren mesedetan, terrorismoaren biktima soilik ETArenak bailira. Premisa hauek ez dira txantxazkoak, biktima denen berdintasuna axiomatzat hartu nahi bada. Adostasun ustelen haitzakitan ere ezin dira onar halako baldintzak.   

Egia esan, errezeloekin baina, preso ohien elkartea, Goldatu, Donostiara agertu ginen maiatzeko 14 Frankismoaren Biktimen oroimenera. Behin eta berriro, Diktadurako presoen  absentzia ofiziala egiaztatu genuen. Erakundeak hautatutako 18 ordezkarietatik bakar batek ordezkatzen gintuen; beste denek gerrako biktimak ziren. Aupada beroa denoi! Baina, non daude Frankoren kartzelak bete zituzten borrokalariek, Larrinaga, Basauri, Martutene, Soria, Burgos, Ocaña, Carabanchel, Puerto Santa María, Alcalá Meco, Soto del Real, Cáceres, Zamorako Konkordatuzkoa, eta abar luzea? Non dira?

Faltan botatzen dugu Lakuako Gobernuak kartzelaz informe bat ez egina, berau izan denean torturarekin batera errepresio-bide mardulena frankismoaren edozein garaitan, gerra, gerra-ostea, 20 urtetako diktadura. Ba al dakigu zenbat milaka gazte izan ziren atxilotuak? Zenbat milaka urte jasan zituzten orma barruan errepresaliaturik? Ezkerrak torturaren atala kontuan hartu dela, 5.000 inguru EHUko Krimenen Institutuak dionez, gehienetan kartzelan bukatu izan direnak. Kartzela bera da nahiko tortura, torturatu askoek aitortzen duen bezala.

Nahiz eta oso gainetik, Lehendakariak bere hitzaldian aitatu zituen, diktadurakoan euskara eta kulturaren alde lan egin zutenak. Ez zuen, ordea, markatu belaunaldi horiek askatasun politiko eta sozialaren alde borrokatzeagatik pairatu zuten kartzela mordoa. Modan jarri nahi den resiliencia baino areago, “erresistentzi” epikoa izan zen hura, gazteek diktadura estutzeraino burutu zutena, nahi zuten erako Trantsizioa lortu ez arren.  Entzuletako asko preso ohiak ginen eta Lakuari zuzendutako agiri bat sinatu genuen bertan, kartzeletako presoekiko engaiamendu esplizituagoa exijituaz Lakuari. Erantzun duenez, dirudi ez dutela entzungor eginen.

Omenaldia 1960 eta 1977 arteko biktimekiko agurra zirudien. Izan ere 1979 eta 1999 garaiko  biktimekin jarraitu nahi du Lakuak, horretarako Lege berri bat proposatuz. Erabaki ere, oraingo agindua amaitu baino lehenago nahi du erabaki. Ez du lehengo akatsik bat ere zuzentzen, baizik oso bestalde, hainbat biktima jaso gabe eduki arren, aurreko aroa itxi nahi dute. Zergatik aroa itxi, izebergaren tontorra baino ikuskatu ez bada? Zalantzarik gabe, Lege berriak zenbait biktima berri aurkituko ditu eta hori beti da positiboa, baina zenbat biktima geldituko dira arakatu gabe baztertuta edo beheragoko kategorian diskriminaturik, bai gerra zikinak eragindakoek, bai kaleetan eta komisarietan segurtasun indarrek erailak, bai hainbeste urtetan dohainik atxilotuak?

Proiektu berriak ere ez du kartzela izendatzen, naiz eta Trantsizioan torturarekin batera eguneroko ogia izan. Torturek ondorio fisikoak laga litzakete, kartzelak ez behar bada, nahiz eta sufrikario eta kalte psikologiko asko eragin. Paco Garcia Salve, Zamora Kartzelako atxilotua hala zion: “kartzelak pertsonak birrindu egiten ditu”.

Betor Trantsizio ondorengo “legez kanpoko errepresioak” eragindako biktimei aplikatuko zaien Lege berria, baina ez dago zertarako itxi aurreko aroa, oraindik hainbeste biktima daudelarik arakatu gabe, gerrakoak, 40 eta 50 hamarkada ilunekoak, 60 eta 70ko atxilotuak, Martin Villaren agindupean erailak eta abar.

Fase berriari dagokionez, ezin dira inpunitatean laga, adibidez, Egin eta Egunkariako zuzendarien tortura eta atxiloketak, ez da ere, epai-mahaiek inolako delitu terroristarik  egotzi ez arren, kartzelan hainbat urtetan egoniko ezker abertzale militanteek.  “Dena da ETA” teoriaz baliatuz eta salbuespenezko espetxe politikak erabiliz,  giza eskubideen kontra  Espainian eraiki den monumentuak ez du parekorik egun Europan, Nazio arteko Amnistiak salatu bezala. 

Elkarte memoria zaleak Biktima Guztien alde egingo duen Lege oso bat nahi dugu, diskriminaziorik gabea, historia zatitzen ez duena, are gutxiago, arorik ezkutatu, bereizketa eufemistikorik ez dabilkiena eta biktima denen berdintasuna bermatzen duena, denak bai dira terrorismo bataren edo bestearen biktimak.•