Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Memoria historikoa aurrera doa? (II)

2016-04-08

Juan Mari Zulaika - Goldatuko kidea

Hala nion aurreko zutabean: Memoriari aro berria heldu zaio. Edozein izan da ere, ezin erditurik dagoen gobernu berriak ezingo du eman atzerapausorik alor honetan, zeren  elkargo autonomoetan eta udal nagusienetan aginte berriek memoriaren alde agertu dira, oro har,  eta erabaki zintzoak artzen doaz, oroimen historikoa egiztatu bidean.

Ia danik, frankismoaren aurkako Argentinar Kereilak, agindu bezala, espainiar Justiziari aurkeztuta, abian ditu hemen euskal bost biktimen  aldeko exortoak, tokiko epaitegietara helaraziz, biktimek heurek edo senideek adiera ditzaten jasandako jazarpen edo hilketak. Hemen, dagozkien epaitegiak: Bilbo, Barakaldo, Gernika, Eibar. Deiari itxaroten gaude, laster izango delakoan. Herri horietako udalei eskatzeko asmoa dugu bertako biktimen alde elkartasun agiriak zabal ditzaten aurkezpen egunean.

Bestalde, Maria Servini Argentinako Epaileak Eskubide Unibertsalaz baliatuz, zuzendu dio espainiar Justiziari exorto edo eskaria, lehendik salaturik eta estradizio eskarien mende jarrita dituen inputatuek aurkez daitezen bere aurrera, zuzenduko dizkien galderei erantzuteko. Beste 19 politiko eta torturatzaileen artean, hara ezagunenak: Martin Villa, Alfonso Osorio, Antonio Carro, José Utrera, Jesús Muñecas, ´Billy el Niño´, Félix Criado Sanz, eta abar. Hankaz gora, bada ere,  beren buruak aldezten saiatuko da Gobernua, baina ezingo du erraz argudiatu zelan epaitu ditzaketen espainiar epaileek, bai, Adolfo Schilingo argentinarra, 2005ean, hilketa eta torturengatik 640 urtetara zigorturik, edo Salvadorreko Romero Artzapezpikuaren eraileak, eta zergatik ez hemengo gaizkilerik atzerriko epaileek. Apirilaren azkenera izango al ditugu albisteak.

Oroimenaren kanpainan dihardugunok, udaletxeak berak nahi genituzke ikusi, abian dagoen  Argentinan Kereilan esku hartzen edo, tokian tokiko biktimen alde, bere kabuz, kereila berriak jarriaz hemengo epaitegietan. Ea, aldi berean, behingoz ausartzen diren  bertako epaileek ere Gizalegearen kontrako jazarpenak salatze aldera; hori da gaur memoria zale taldeen xedea. Datorrela gora indarraz salaketen olatua, espainiar Estatuaren harrokeria itotzeraino.

Adierazitako ildoan, benetan punta-puntakoa deritzogu Gasteizko Udalbatzak Martxoak 3aren 40 urteurrenean, oroimen eta omenezko jardunaldien ondoren, 2016-03-18an  plazaratutako Agiria, guztiz mamitsu eta baliagarria. Ikus, adibidez, akordioen 5na: “Udalbatzak erabaki du frankismoaren biktimei buruz Argentinako jurisdikzioak daraman prozeduran, Udala akusazio gisa agertzea”. Baita, 6na: “Udalbatzak erabaki du Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera ematea, gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien erantzukizun penalak eta bestelakoak eskatzeko, frankismoaren diktadurak gizateriaren aurka egindako krimenei buruz, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia

Udaletxe denek hartu behar lukete Ageri hau eredutzat, oraindik justizia ezagutu ez duten herriko semeen alde egiteko. •