Albisteak

Apur dezagun isiltasuna. Dagoeneko 5.657 tortura kasu egiaztatu ditugu

2017-02-13

635 tortura kasu berri argitaratu ditu Euskal Memoria Fundazioak bere web-orrian. Guztira, horrenbestez, ikertu diren 7.582 kasuetatik, 5.657 tortura kasu egiaztatu ditu. Torturaren erabilpen sistematikoa berretsi baino ez du egiten zifra horrek. Beldurgarria, inondik ere. Gerra Zibila hizpide, euskal instituzio-ordezkari goren batek zera esan zuen berriki: “Isiltasunaren eta iluntasunaren garaia amaitu da”. Bada, Euskal Memoria egiten ari den ikerketa-lanari aplika dakioke. Bete-betean, gainera. Gaur jakitera ematen den txostenean jasotako kopuruak 2016ko abenduaren 31koak dira eta herri honetan torturak eragin duen iluntasuna eta isiltasuna apurtzeko era hoberena da. 

Tortura kasuak, horien arduradunak eta estrategiak zigorgabetasunaren ezkutalekutik ateratzeko, gizartearen erabateko arbuioa jasotzeko eta justiziaren esku geratzeko berme nagusiena publikoki ezagutaraztea eta ikertzea da, Azken finean, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko helburua betetzea.

Erabilitako prozedurak beste datu bat utzi du agerian: tortura kasurik gabeko 1.925 atxiloketa, hots, ikertutakoaren %25. Zerrendan agertzen diren kasuetatik, 4.755 gizonezkoei dagozkie, eta, emakumezkoei, berriz, 902, aztertutakoen %16, gutxi gorabehera.

Tortura kasuei lotutako atxiloketen arduradunak Espainiako Polizia, Guardia Zibila eta Ertzaintza izan dira bereziki. Hurrenez hurren, 2.677 (%47), 2.348 (%41) eta 407 (%7) kasu. Gainerakoen atzean beste zenbait herrialdetako segurtasun-indarrak azaltzen dira.

Ahal duen neurrian, torturari buruzko ikerketan jarraitzeko asmoa du Euskal Memoria Fundazioak, izan ere, ez da bukatutzat eman daitekeen lan bat. Zentzu horretan, zifra hauek, behin-behinekoak dira.

Azken hamarkadetan konta ezin ahala tortura kasu izan dira Euskal Herrian. Lekukotasunak, ordea, orain arte ez dira modu sistematizatu batean bildu. Lan molde horrek eta pertsona ugariren parte-hartzeak ahalbidetu dute, hain zuzen, kasuak banan-banan egiaztatzea. Beraz, Euskal Memoria Fundazioaren ekarpena, kuantitatiboaz gainera, kualitatiboa ere bada.

Torturatua izan, baina oraindik orain bere lekukotasuna eman ez duen edonori, egin dezala eskatu nahi dio Euskal Memoria Fundazioak, horretarako, 943 244 584 eta 688 693 776 telefono zenbakietara deituz, info@euskalmemoria.eus helbidera idatziz edo, nahiago baduzue, postaz: Euskal Memoria Fundazioa, Ametzagaña 19 behea, 20012 Donostia. •

Apur dezagun isiltasuna. Dagoeneko 5.657 tortura kasu egiaztatu ditugu
Apur dezagun isiltasuna.