Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Roberto Perez Jauregiren heriotza

2020-11-27

Joseba Zabalza - Argazkilaria

Burgosko epaiketa mugarri bat izan zen Euskal Herriaren burujabetze nazionalaren aldeko borrokan. ETAko zenbait kide atxilotu, eta heriotza-zigorra ezarri zieten, zenbait atentatu egin izana leporatuta; besteak beste, Melitón Manzanas komisario frankista eta torturatzaile ezagunarena. Orduko errepresioaren aurkako herri-mugimenduak desafiotzat jo zuen epaiketa. Hiru probintzietan –Provincias Vascongadas esaten zieten garai haietan–, Nafarroan, Espainiako estatuko gainerakoetan eta nazioartean egindako presioari esker, heriotza-zigorra ordeztu, eta kartzelatik atera zituzten urte batzuk geroago, 1977ko Amnistiaren Legearen eskutik.

Gipuzkoan bereziki nabarmena izan zen epaituekiko elkartasuna, hangoak baitziren auzipetu gehienak. Herri askotako manifestaldiak bortizki erreprimitu zituzten, eta bala-zaurituak ere izan ziren, batzuk larriak eta beste batzuk arinak. Auzipetuetatik hiru (Mario Onaindia, Jon Etxabe eta Enrique Gesalaga) Eibarkoak ziren, eta mobilizazio asko izan ziren han. Herritarrak kalera atera, eta Francoren erregimenak gogor erreprimitu zituen. Roberto Perez Jauregi 21 urteko mutila izan zen kaltetuena, manifestaldian infiltratutako poliziek tiroz jo baitzuten gibeletik. Aurreko egunean, abenduaren 3an, herria ia erabat geldiarazi zuten mobilizazioek. Eta biharamuneko mobilizazioa, abenduaren 4koa, are handiagoa izan zen, Eibarren gogoratzen duten handiena. Arratsaldeko 8etan, milaka pertsona atera ziren Untzaga plazatik; San Agustin kalearen parean, polizia sekretuko kideek manifestariak tirokatu zituzten, eta errebotatutako bala batek Manuel Gil zauritu zuen, 17 urteko gazte bat.

Untzaga plazatik behera noa, manifestaldiak egin zuen bide beretik, Robertoren anaia bakarrarekin. «Gurasoak eta ni ere manifestazioan geunden. Roberto lehen lerroan zihoan. Kargatzen hasi zirenean, gurasoekin elkartu nintzen; alde egin behar izan zuten. Nik manifestaldian segitu nuen. Geroago, denok aditu genituen tiro-sortak. Roberto zauritu zuten lekutik hurbil, bazegoen obra bat, eta jendea harrika hasi zen polizien kontra, haiek kargatzen zuten bitartean. Edozein moduz, anaia hil zuen bala ez zen tiro-sorta haietako batean galdutako bala bat. Zauria ikusita, tiroa bi bat metrotik bota zioten; dum dum bala batekin, gainera, barrutik lehertzen zaituen horietako batekin. Handik tarte batera, jakin nuen zaurituta zegoela, eta, etxera ailegatu nintzenerako, gurasoak joanak ziren jada Donostiako ospitalera», dio Jorgek.

Roberto ez zen une hartan hil, lau egun geroago baizik, baina oso zauri larriak zituen. «Donostiako medikuak zoragarri portatu ziren gurekin, eta beren esku zegoen guztia egin zuten. Salbatzen saiatu ziren, hamaika odol-transfusio egin zizkioten, baina, azkenean, ez zuten lortu».

Jorge oroitzen da anaiarekin hitz egin ahal izan zutela hil baino lehen. «Behintzat, elkar agurtu genuen. Nik uste dut berak bazekiela ez zela bizirik aterako, eta denei agur esan zigun. Hori aringarria da».  Heriotza-zigorrera kondenatutako presoak salbatzearen alde borrokan ari zela hil zuten gaztea. Bere bizitzarekin ordaindu zuen ahalegina. Burgosko epaiketaz hitz egiten denean, Roberto ekarri beharko lukete gogora, nahitaez, hura izan baitzen heriotza-zigorra jaso zuen bakarra.

«Hilketa bat izan zen, argi eta garbi; lekukoak ere izan ziren, baina ezin izan genuen ezer egin. Nik 15 urte eskas nituen, eta ez naiz gauza guztiez oroitzen, baina badakit gurasoak froga eta lekukotasunen bila ibili zirela. Azkenean, amore eman zuten; abokatuek berek esan zieten ez zuela ezertarako balio izango. Ospitalean egon zeneko mediku-txostena ere ezin izan zuten lortu», dio Jorgek. «Ez zen ikerketarik edo epaiketarik izan. Aitzitik, nire anaiaren hiltzailea saritu egin zuten. Valladolidera bidali, eta goragoko postu bat eman zioten sari gisa, pertsona bat hiltzeagatik». Modu informalean egin ziren ikerketa guztiek erakutsi zuten Roberto hil zuen polizia José Ramón Sánchez Pizarro izan zela.

 

Jorge Pérez Jauregi, Eibarko Urkizu eta Karmen kaleen elkargunean, 1970eko abenduaren 4an polizia sekretuak Roberto Pérez Jauregi Nazioarteko PCEko kideari tiro egin zion lekuan, ETAko militanteen kontrako Burgosko epaiketarengatik protesta egiten ari zela. Lau egun geroago hil zen,  Donostiako ospitalean, zaurien ondorioz. 21 urte zituen. Argazkia. Joseba Zabalza

 

«Hil eta gero, jakin genuen Roberto Espainiako Nazioarteko Alderdi Komunistako [PCE(i)] kidea zela. Gurasoek bazekiten nonbait sartuta zebilela, baina ez zekiten nongo kidea zen. Gertaera haren ondotik, gure gurasoak, Casimiro eta Alicia, borrokaren erreferente bihurtu ziren herrian, eta ni alderdiko kide egin nintzen». Jorgek honela oroitzen du bere anaia: «Pertsona serioa zen; mendira joatea gustuko zuen.  Oso kezkatuta zegoen garai hartako egoera politiko eta sozialarekin».  2008ko abenduaren 21ean, Eibarko Udalak gatazkaren biktima guztiak aitortzeko jardunaldi batzuk egin zituen. Omenaldi hartan, ETAko, Triple A-ko eta Batallón Vasco Españoleko biktimen ahaideak izan ziren, baina ez zuten Robertoren familia gonbidatu; geroago izan zuten omenaldiaren berri. Familiak ez zuen hura ongi hartu, eta Jorgek gutun ireki bat igorri zuen zenbait hedabidetara; «Izenik gabeko biktimak» izenburua jarri zion, eta honela zioen pasarte batean:

«Eta ausartzen zarete esatera Roberto eta gu ez garela terrorismoaren biktimak? Memoria historikoari buruz hitz egiten duzue, eta herri honetako Historiaren zati garrantzitsu bat ezabatzen duzue? Terrorismo okerrenaren biktimak gara, Estatuko terrorismoaren biktimak».  2010. urtean, frankismoaren biktimatzat jo zuten Roberto, José Luis Rodríguez Zapateroren gobernu sozialistak sustatutako Memoria Historikoaren Lege «epel»aren babesean. Kalte-ordain ekonomikoa jaso zuen. «Diruari ez genion uko egin, baina ordain ekonomikoak, jakina, ez du anaiaren heriotza erosten», dio Jorgek, oso zorrotz.  «Justizia eta egia agertzea nahi dugu. Historiatik ezabatu nahi izan gaituztelako. 40 urte pasatu dira zerbait aitortu digutenerako. Denbora hori guztia zain eman dugu, eta erakundeek isiltasuna besterik ez ziguten eman. Ez herritarrek, ordea, berotasuna eta babes handia jaso baitugu haiengandik. Dena den, hain bidegabekeria handiak jaso izanak bizitza hondatu zigun, batez ere gurasoei. 2014. urtean, Eusko Jaurlaritzak “polizia-gehiegikeriaren biktima”tzat hartu zuen. Armarik gabeko gazte bat ondo-ondotik tiroz eta bala leherkor batez erailtzea ez da, gure ustez, gehiegikeria hutsa; erailketa bat izan zela esan daiteke, dudarik gabe».

Herria Guardia Zibilak hartuta zegoela lurperatu zuten Roberto, eta omenaldia egin nahi zioten pertsona askori ez zieten sartzen utzi. Hiletan eta ehorzketan, jendetza handiak eman zion babesa familiari.  «Modu guztietan saiatu ziren Eibarren lurperatu ez genezan, eta, hala, mobilizaziorik izan ez zedin». Roberto Pérez Jauregiren kasua María Romilda Servini epaile argentinarra «Frankismoaren krimenen kontrako kereila»n ikertzen ari den kasuetako bat da.  «Urrats txiki bat da epaile baten aurrean jarri eta zure historia kontatzea», dio Jorgek. ♦

OHARRA: "Gogoan hartzeko izenak" liburutik hartuta.