Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Azaroaren 20an, terrorismoari gorazarre

2018-11-26

Hektor Ortega - Kazetaria eta idazlea

Azaroak 20 ditu. Madrilen, Espainiako Gobernuko ministro bik –Zelaak eta Grande-Marlaskak- prentsaurrekoa eman behar dute. Gaia, “Terrorismoa Espainian” unitate didaktikoaren aurkezpena.

Egun egokia dirudi Santi Brouarden hilketagatik Espainiako Gobernuak daukan ardura bere gain hartzeko, egindakoaren gainean azalpenak emateko, senide, lagun eta burkideei doluminak agertzeko.

Egun aproposa, halaber, Josu Muguruzaren hilketan Espainiako Gobernuaren inplikazioa onartzeko, kasua argitzeko borondatea agertzeko, senide, lagun eta burkideen samina eurena ere badela esateko.

Zer esanik ez, diktadorearen heriotzaren urteurrenean aukera bikaina daukate frankismoaren errepresioa salatzeko, eragindako minaren tamaina eta injustizia aitortzeko, biktima guztiak aurkitu eta biktimarioak epaibidean ipiniko dituztela iragartzeko.

Egun egokia bai, baina ez, horiek ez dira “Terrorismoa Espainian” atalean sartzen. Espainiako nerabeei irakatsiko diete lau terrorismo mota egon direla: nazionalista erradikalak (hemen dago “banda terroristarik ankerrena”), ezker muturrekoak, eskuin muturrekoak (1975 eta 1982 bitartean baino ez, zehaztu dute) eta jihadismoa.

Ez dute argitu Santi Brouard hil zuen GAL zein multzotan sailkatzen den. Baina kontu txikia izan zen, testu barruan dakarren deskribapenari kasu egin ezkero, behinik behin: “En esos años ochenta también hizo su aparición un tipo de terrorismo parapolicial, encuadrado bajo las siglas GAL, Grupos Antiterroristas de Liberación. Algunos cargos públicos, policías y guardias civiles estuvieron implicados en esta trama ilegal”. Alderdirik ez omen zeukaten kargudun ezezagun batzuk, polizia eta guardiekin nahastean. Horra hor GAL zer izan zen, inork nahi badu ikasi.

Orain dela 38 urte Jean Pierre Haramendi eta Joxe Camio tiroz hil zituen BVE taldeak Hendaiako "Hendayais" tabernan. 

Berba gutxi GALentzat eta bat ere ez Josu Muguruza diputatua hil zutenentzat. Berdin frankismoaren errepresioarekin: aipatu ere ez dute egin. Eta, jakina, lorratzik ez demokrazia bete-betean Estatuaren funtzionarioek eragin dituzten exekuzio estrajudizial, bahiketa, bortxaketa eta milaka torturatuez. Horiei estatu terrorismoa esan diote hala gaia jorratu duten aditu guztiek nola dibulgazio lanak egin dituzten hedabideek, Wikipediak zein Encyclopaedia Britannicak.

Hortaz, Espainian estatu-terrorismorik ez. Ez heriotza-eskuadroirik, ez polizia torturatzailerik, ezta exekuzio estrajudizialik ere. Ez frankismoan, ez demokrazian. Eta nago hori ez ote den terrorismoari gorazarre egitea. Espainiako Kode Penaleko 578. artikuluaren arabera, delitu horrek atal bi dauzka: terrorismoa laudatzea eta terrorismoa justifikatzea. Eta Auzitegi Gorenak 2007an ebatzi zuenez, terrorismoa justifikatzea da “hacer aparecer como acciones lícitas o legítimas aquello que solo es un comportamiento criminal”. Terrorismoa nazionalisten, ezker muturraren eta jihadismoaren bortizkeriara mugatzea, estatu-terrorismoa desitxuratzea, leuntzea eta ikusezin bihurtzea, Estatuaren jatorrizko bortizkeriaren legitimitatearen auzia saihestea... ez ote dira estatu-terrorismoa justifikatzea? Epaile izandako ministroak erantzun beza, mesedez, gai horretan oso jantzita dago eta. ♦