Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Gogoan hartzeko izenak: Hotel Monbar

2018-09-21

Joseba Zabalza - Argazkilaria

Pannecau karrikaren 150 metro eskasak, Paul Bert plazatik Galuperieson kaira doazen horiek; horra, dudarik gabe, atentatu gehien izan diren Euskal Herriko gunea gatazka armatuaren oraintsuko historian. Errefuxiatuen komunitateak jazarpen handia jasan zuen Baiona Ttipiko karriketan, non Espainiako Gobernuak kontratatutako mertzenario- taldeak gutxi gorabeherako askatasunez aritu baitziren, Frantziako Poliziaren axolagabekeria susmagarriari esker. 1979an, Batallón Vasco Españoleko mertzenarioek Enrike Gómez Álvarez Korta hil zuten karrika horretan. Geroago, 1984-1985 bitartean, GAL taldeak, terrore mertzenario espainiarraren frankizia berriak, lau atentatu egin zituen: Etxabe tabernaren metrailaketa, zeinean bezero batzuk arin zauritu baitzituzten; Lagunekin tabernaren kontrakoa, non Gotzon Zabaleta eta Josu Amantes larri zauritu baitzituzten; Des Pyrenees kafetegiaren kontrakoa, zeinean Benoit Pecastaing hil eta beste hiru persona zauritu baitzituzten; eta Monbar hoteleko atentatua, GALen odoltsuena, non lau lagun erail baitzituzten: Agustín Irazustabarrena Urruzola, Beltza, 35 urtekoa, Hernanikoa; José María Etxaniz Maiztegi, Potros, 31 urtekoa, Urretxukoa; Sabin Etxaide Ibarguren, Eskumotza, 28 urtekoa, Zestoakoa; eta Iñaki Asteasuinzarra Pagola, Legrá, 33 urtekoa, Astigarragako semea. Zenbait komunikabidetan, «Heriotzaren kalea» izendatu zuten Pannecau karrika.

Urteak dira Monbar hotela itxi zela, baina, Ipar Euskal Herrian bizi den lagun bati esker, jabearen semea prest agertu da guri lagundu eta taberna irekitzeko. Errefuxiatuak maiz joaten ziren taberna hartara. Ia inoiz ez ditut gogoan irudikatzen gero ikusi behar ditudan tokiak, txunditzea gustatzen baitzait. Gainera, kasu gehienetan, lekuak arrunt diferenteak dira irudikatutakoaren aldean. Lokalaren atea zabalduta barra eta jangelarekin komunikatzen zuen korridore meharra ikusi ditudanean, hitz batek zartatu dit burua: sagu-tranpa. Hain da meharra, ezen angelu bat erabili behar baitut familiakoak argazkian sar daitezen. Kanpora atera naiz beste planoren baten bila, eta bi aldeetara begiratu dut: Paul Bert plaza eta Pannecau zubia ikusten ditut; atzean, plaza txiki bat, Pontrique aldera ematen duena eta Tonneliers karrikaren bidegurutzera iristen dena; hantxe bahitu zituzten Joxi Zabala eta Joxean Lasa. Monbar hotelak, hemendik ikusita, leku zinez aproposa dirudi sarraski bat egin eta Baiona Ttipitik ateratzeko aukera ematen duten karrika horietako batetik ihes egiteko. Gero, ihesaldia ez zen hain erraza izan soldatapeko pistolari haientzat.

José Amedo Foucek ez du jada deus galtzeko, eta bai asko irabazteko; damu-itxurak egiten ditu telebista-platoetan, bizimodu onaren zale amorratu horrek: traje garestiak, luxuzko prostituzioa, bingoa eta «sosak parrastaka». Gertatutakoaren berri zehatz-zehatza eman du Cal viva liburuan. Jendez mukuru zegoen establezimendua, futbol-partida bat ikusten ari baitziren bezeroak, Espainiaren eta Islandiaren artekoa, Mexikoko Mundu Txapelketarako sailkatzeari begira. Irrati futbolzale zaratatsuen «Minutua eta emaitza» deitutakoek nola, halaxe kontatzen du, ez dakigu berak edo morroi batek, lau errefuxiatuen erailketa: «...ekiten hasteko keinua egin zien mertzenarioei, prest eta armatuta baitzeuden jada, eta ohartarazi zien ez tirokatzeko, ez zerbitzariari, ez ETAkoak ez ziren bezeroei. Gerarden gizonak, hau da, Lucien Mattei eta Pierre Frugoli Marseillako gaizkileak, bederatziak eta laurdenetan hurbildu ziren Monbar hoteleko atera, Rincónek berdinketaren gola egin zuenean, hain justu ere, Espainiako selekzioaren alde. Etakideei markaketa saihesteko inolako aukerarik eman gabe, ostatura indarka sartu, eta balazoz josi zituzten. Halako batean, lau baja izan zituen banda terroristak, GALek egindako atentatu larrienean. Hogei minutu geroago, Espainiaren garaipenaren gola egin zuen Gordillok, baina haiek ez zuten ikusterik izan».

Harritzekoa da, baina, behin baino gehiagotan jomugan egon badira ere helburua zehaztu eta ordainketak egiteagatik, Amedo eta Michel Domínguez ez zituzten sekula inputatu atentatuagatik. Amedok dio kontatu egin ziotela dena, baina, parte-hartzaile batzuen arabera, tartean zen bera ere. Francis ospe handiko mertzenario baten ezizena da –sekula ez da jakin benetako izenik–, eta hark aitortu zuen Amedok erreklutatu zituela mafiosoak komisariordearen aginduz eta Donostiako Orly hotelean prestatu zutela dena.

Bost zauritu izan ziren: lau hildakoak eta bezero bat (Jean Iriart), zeinari bala batek eskua zulatu baitzion. Sabin Etxaide Ibarguren Eskumotza bizirik iritsi zen ospitalera, baina bi ordu geroago hil zen. Atentatuaren ondoren, gaizkileek ihesari eman, eta haien atzetik abiatu zen jende multzo bat –errefuxiatu anitz tartean–. Ihesaldian, Errobi ibaira bota zituzten armak. Espiritu Sainduaren zubira iristean, jendarme-patruila batekin topo egin zuten; patruilak atxilotu egin zituen, haien atzetik zebilen taldeak hala eskaturik.

Ezkerretik eskuinera, Antonino Asteasuinzarra Pagola, Beltzaren anaia; Jabi Etxaniz Maiztegi, Potrosen anaia; Suharri Irazustabarrena Arbelaitz, Legráren semea; eta Román Etxaide Ibarguren, Eskumotzaren anaia. Baionako Pannecau karrikako Monbar hotelean daude; han, GALeko komando batek erail zituen lau euskal errefuxiatuak, 1985eko irailaren 25ean.

 

Monbar hoteleko ekintzak zirrara handia eragin zuen Euskal Herrian, hala Hegoaldean, nola Iparraldean. Atentatua izan eta handik bi egunera, irailaren 27an, Gudari Egunaren hamargarren edizioa egin zen. Greba orokorra egin zen Gipuzkoan, hangoak baitziren lau hildakoak, eta borroka-eguna, gainerako lurraldeetan. Liskar ugari egon ziren, eta oso istilu gogorrak Poliziarekin eta Guardia Zibilarekin. Kalean, «PSOE, GAL, berdin da!» oihuaren burrunba entzun zen. Mehatxuak etengabeak zirela egin ziren omenaldiak atxilotuen sorterrietan. Astigarragan, Legráren herrian, ahoz aho zabaldutako deialdiak 1.000 pertsonatik gora bildu zituen Santiagomendiko hegaletan; hantxe barreiatu ziren haren errautsak.

Jabi Etxaniz, Potrosen anaia, goizaldean gorpuak identifikatzeko egin behar izan zuten bidaiaz oroitu da. «Anaiaren gorpua ikusi ahal izan genuen; tiro bat zuen kopetan, azkena emana zioten seinale. Baina ez anaiari bakarrik, lekukoek ikusi baitzuten nola hurbildu zitzaizkien besteei ere azken tiroa ematera. Oso gogorra izan zen guztia. Jendearen erantzuna izan zen onena, uneoro lagundu baitziguten. Mugara iritsi bitartean, auto-ilara bat etorri zen gurekin, eta klaxona jotzen zuten gurutzatzen genuen herri bakoitzean. Hunkigarria izan zen. Gero, beste aldean, bestelakoa izan zen dena: tanketak, probokazioak, karga polizialak. Ehorzketa eginda eta tentsio guztia atzean utzita, “normaltasun” era itzultzen zara. Gurasoek pasatu zuten okerren, baina bazekiten gerta zitekeela eta oso harro egon ziren beti semeaz».

Kortatu musika-taldeak «Hotel Monbar» izeneko kantu bat grabatu zuen bere bigarren LPan –El estado de las cosas–. Ia mundu guztiak ezagutzen duen abesti ikoniko horrek gertatutakoa gogorarazten du. Fermin Muguruza kantaria minutu batzuk lehenago egona zen hildakoekin, futbolinean jokatzen, gertuko taberna batean. Fermin beste errefuxiatu-kuadrilla batekin zegoen, eta elkarrekin joan ziren Monbar tabernara. Iritsi, eta agur esan zioten elkarri. Handik gutxira, tiro-hotsak entzun, eta kalera atera ziren. Hurbildu zirenean, lau gorpuak ikusi zituzten, lurzoruan, odoleztaturik. Tentsio handiko uneak izan omen ziren jendarmeekin haiek agertu zirenean, oso berandu bertaratu baitziren, nahiz eta 200 bat metrora polizia-etxe bat zegoen; gainera, komisarioa, biktimenganako erabateko mespretxua erakutsi, eta bultzaka ere aritu zen ordurako hara iritsiak ziren ahaideekin. Honako hau idatzi zuen Ferminek izenburu bereko liburuan (El estado de las cosas, Lengua de Trapo argitaletxea): «Bizia arriskuan jartzen da batzuetan, eta une haietako bat izan zen hura. Orduantxe hasi nintzen idazten Monbar hotelean gau hartan ikusitako guztia. Ez ziren ez polizia gazteak, ez helduak, adinekoak baizik. Aljerreko batailako soldadu ohiak. Jendilajea. Oso gogoan dut. Aurpegi batzuk eta guzti gogoratzen ditut. Han ezkutatu ziren, batzuk “Eusko Gudariak” abesten ari ziren bitartean. Horregatik diot “gerra-abesti zaharra”».

Han vuelto a sonar

campanadas a la muerte

en el hotel Monbar

campanadas a la muerte. ♦

OHARRA: "Gogoan hartzeko izenak" liburutik hartuta.