Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Doneztebe, 1976ko azaroaren 27ko gauez

2018-04-20

Daniel Escribano Riera - Itzultzailea

Franco gabeko frankismo garaia zen, ondorengotzari buruz 1947ko eta 1969ko legeei jarraiki, Estatuburua errege gisa ari zen agintean. Ondorengoaren lehen gobernua erorarazia zuten urteko lehen seihilekoan langileen grebek eta herri-protestek, eta bigarrenak oposizio demokratikoaren hainbat errebindikazio eta planteamenduri amore emanda jarraitzen zuen jardunean. Hala ere, oposizioko alderdi guztiak legez kanpo zeuden, eta Erreforma Politikorako Legeari buruz gobernuak abenduaren 15erako antolatua zuen plebiszituari Euskal Herrian oihartzun zabala jasoko zuen boikot egitera deitu zuten. Greba orokorrak bata bestearen atzetik zihoazen Euskal Herrian, handiena irailaren 27an, amnistia eskatzeko, Txiki eta Otaegiren fusilaketen lehen urteurrena gogoan. Frankismoak espetxeratutako euskal ekintzaile politiko gehienek kartzelan jarraitzen zuten, Adolfo Suárez monarkiaren bigarren gobernuak uztailean “amnistiari buruz” izenburupean emandako indultutik baztertuta.

Ohikoak ziren herriko festen baitan amnistiaren alde bat-batean sortutako manifestazioak, baita polizia haien kontra oldartzea ere (irailean, tiroz hil zuen Jesus M. Zabala, CCOOeko ekintzailea, Guardia Zibilak, Hondarribian). Horrez gain, ugariak ziren talde parapolizialek (batzuetan, kalekoz jantzitako poliziek) oposizioarekiko lotura zuten elkarteen eta lagunen aurkako erasoak, baita herritar arrunten kontrakoak ere, urriaren 5ean ETA militarraren atentatuan hil zen Juan María Araluce Gipuzkoako Diputazioko presidentearen ehorzketaren ostean eskuin muturreko taldeek Donostian egindako eraso indiskriminatuak froga.

Testuinguru horretan gertatu zen ondokoa, azaroaren 27an, Doneztebeko (Nafarroa) Bordatxo festa-aretoan. José Roca Berako (Nafarroa) Komandantziako Guardia Zibileko agentea aretoan sartu zen, kalekoz jantzita, Antonio Freije lagunarekin batera. Lekukoen arabera, dantzatzeko eskatu zioten emakumezko bati. Ezetz esan zien emakumezkoak, baina Roca eta Freije tematu egin ziren. Emakumezkoaren alde egin zuten tabernako hiru lagunek, tartean Santiago Navasek, eta liskarra gertatu zen, zerbitzariek banandu zituzten arte. Handik gutxira, Navasengana jo zuen berriz Rocak, berriro liskartu ziren, eta Rocak tiro bat bota zion. Ondoren, tabernako bat, Javier Nuin, Navas laguntzera abiatu zen, eta bi tiro jaso zituen. Horren ostean, Roca menderatzea lortu zuten tabernakoek. Navas hil egin zen ordu gutxira, eta Nuin, abenduaren 17an, hiru ebakuntzaren ondoren.

Albistea "Unidad" egunkarian, 1976ko azaroaren 28an. 

 

1976an bertan Gasteizen hainbat enpresatako langileek batera negoziatuz, eta ez enpresaz enpresa, hiru hilabetez eutsi zioten grebari izaera politikoa ukatu dieten EAEko historialari akademikoek Bordatxoko gertaerei ere kendu diete kutsu politikoa, Roca edanda zegoela argudiatuta (nonbait, mozkortzea eta tiroka hastea dena da bat). Lekukoak eta garaikoak, ordea, ez ziren iritzi berekoak. Navasengana abiatu aurretik, “norbait akabatuko dut” marmarikatu zuen Rocak, lekuko batzuen arabera. Beste batzuen esanetan, aldiz, egun gorroto-delitua deitzen dutena zen Rocaren abiaburu, eta zera esan zuen: “euskaldunen bat akabatuko dugu gaur”. Liskarraren ostean, oihu politikoak egin zituzten tabernako batzuek, baita Eusko gudariak abesteari ekin ere. Biharamunean, lanuzteak egin zituzten Doneztebeko eta Iruñerriko hainbat enpresatan. Gipuzkoako hainbat ikastetxetan, institututan eta fakultatetan asanbladak eta lanuzteak egin zituzten. Horrez gain, Iruñean, Donostian eta Lizarran manifestazioak egin zituzten, eta liskarrak gertatu ziren poliziarekin. Donostian bost ikasle atxilotu zituzten, Bordatxoko gertaerei buruzko kartelak jartzea leporatuta. Nafarroako eta Gipuzkoako zenbait udalek salatu egin zuten Bordatxon gertatutakoa. Navasen ehorzketaren ostean Guardia Zibilaren eta monarkiaren aurkako oihuak entzun ziren, baita abenduaren 15eko erreferendumari boikota egiteko deiak ere.

Rocari ez zioten Amnistiari buruzko Legea aplikatu (erregimen berriaren agintariek ere ez zioten izaera politikorik aitortu), baina, 1978ko irailean, epaimahai militar batek errugabetu egin zuen. ♦