Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Amnistiaren aldeko astearen oroimena

2017-08-31

Daniel Escribano Riera - Espai Fàbrica-ko kidea eta itzultzailea

Iragan maiatzean 40 urte bete ziren amnistiaren alde Hego Euskal Herrian egindako ekintza-kanpaina jendetsua burutu zenetik, monarkiaren bigarren gobernuak modu lazgarrian zapaldu zuenetik. Hala ere, Errenterian (Gipuzkoa) egindako oroitza-ekitalditik harago, apenas antolatu da halakorik gehiago Euskal Herrian. Gainera, mobilizaziorik puntakoenak eta errepresiorik latzena Errenterian bertan gertatuta, aipatu ekitaldiak tokiko-oroimenarekin lotutako ekintzaren tankera handiagoa zekarren, euskal gizarte-mugimenduen memoria (berr)eraikitzeko nazio-ekimenarena baino. Oroimen publikoari dagokionez, nabarmena da nolako kontrastea dagoen 1976ko martxoaren 3ko Gasteizeko (Araba) greba orokorraren aurkako errepresioaren eta hurrengo urteko maiatzeko amnistiaren aldeko astearen kontrakoaren artean. Bi kasuetan erregimen aurkako izaera nabarmena zuten greba orokorreko egunak izan ziren, hildakoen kopurua antzekoak, eta, hala ere, geratu diren oroitzapenak, bai arlo instituzionalean, baita oroimen kolektiboan ere, zeharo kontrajarriak dira. 

Martxoaren 3ko gertaerei dagozkien egia, justizia eta ordaina erdiestetik urrun egon arren, behintzat ondokoa lortu dugu, Gasteizeko talde memorialisten lanari esker: Eusko Legebiltzarrak gertaerei buruzko ikerketa-batzorde bat sor zezan; eremu akademikoan hainbat historialarik gaia ikertzea, eta, Euskal Herriko iritzi publikoan, Polizia Armatuak egindako ekintza errepresiboaren arduradun politikoen memoria zilegitasunik gabe uztea. Horrelako ezer ez da gertatu 1977ko maiatzeko amnistiaren aldeko asteari dagokionez. Ezin adierazgarriagoa da Espainiako Kongresuko atarian duela gutxi martxoaren 3ko errepresioak kaltetuen senideak Rodolfo Martín Villarengana kontu eske jotzea, orduan Harreman Sindikaletarako ministro aritzen zelako, eta inor ez agertzea amnistiaren aldeko astearen kontrako zapalkuntza txarresteko, 1977an Martín Villa bera zer eta Gobernazio ministroa bazen ere.

Horrek guztiak erakusten du erauzia dagoela euskal oroimenetik amnistiaren aldeko bigarren astea. Hasteko, ez dugu haren inguruko ikerketa akademiko bat bera ere. Lehen eskuko testigantza hunkigarria besterik ez dugu, Joxe Iriarte Bikila Errenteriako herri-asanbladako ekintzaileak Borrokaren gorrian (Txalaparta, 1999) bere autobiografian emanda. Literaturan ere agertu da nabarmen 1977ko amnistiaren aldeko bigarren astea, Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean (Susa, 2011) nobela trinkoan, euskal sistema literario kaskarrean, tamalez, ia oharkabean pasa denean.

1976ko lehen seihilekoan, lan- eta erregimenaren aurkako aldarrikapenak uztartzen zituzten  grebek —Gasteizekoek eragin berezia izan zutelarik— eta gainerako herri-protestek monarkiaren lehen gobernua eroarazia zuten ere, Adolfo Suárez buru zuen gobernua osatzearekin batera, Espainian nagusi ziren erakundeek estrategia aldatu zuten, eta harrezkero behera egin zuten lan-arloko mobilizazioek. Euskal Herrian, ordea, ezker iraultzaileko erakundeek zuten gehiengoa langile-mugimenduan, eta diktaduraren kontrako izaera agerikoa zuten greba orokorrek jarraitu egin zuten, baita oihartzun handia jaso ere. Amnistia izan zen borroka-egun horien aldarrikapenik behinena eta herri-mobilizazioen ardatza, Euskal Herria baitzen preso politiko gehien zituen Estatuko herria.

Monarkiaren bigarren gobernuak “amnistiari buruz” emandako lehen bi errege-dekretuek (10/1976, uztailaren 30ekoak, eta 19/1977, martxoaren 14koak) baztertuak zituzten pertsonen “bizitza nahiz segurtasuna” kaltetu izana leporatuta zeuden presoak, eta horrek 30 bat euskal ekintzaile politikok uzten zituen espetxean. Hori dela-eta, amnistiaren aldeko ekintza-kanpaina antolatu zuten Gipuzkoako Amnistiaren aldeko Batzordeak eta herrialdeko oposizioko erakunde politiko eta sindikal gehienek, maiatzaren 7tik 15era bitartean, baita, haren baitan, greba orokorrerako deialdia ere, hilaren 12rako. Egun horretan, Errenterian benetako sua erabili zuen Guardia Zibilak manifestarien aurka, eta, iluntzean, mobilizaziogunetatik kanpo zebilen Rafael Gómez ELAko kide hil zuen tiroz. Biharamunetik aurrera eta hilaren 17a arte, Hego Euskal Herri osora zabaldu ziren mobilizazioak. Hilaren 13an José Luis Cano CCOOeko kidea hil zuen Polizia Armatuak Iruñean (Nafarroa), eta Luis Santamaría, bere etxeko balkoian zela, zauritu zuen kautxuzko balaz, eta handik ordu gutxira hil zen. Errenterian, frankotiratzaile batek Gregorio Maritxalar auzokideari tiro egin zion (egun gutxira hilko zen). Hilaren 14an, Manuel Fuentes CCOOeko kidea hil zuen tiroz Guardia Zibilak Ortuellan (Bizkaia), eta Bilbon (Bizkaia) Polizia Armatuko istiluen kontrako taldeek Javier Nuñez egunkari bila zihoan herritarra jipoitu egin zuten. Nuñez salaketa jartzera joan zenean, kanporatu egin zuten komisaldegitik, eta talde parapolizialeko bi kidek botila bat koñak eta errizino-olioa edanarazi zizkioten. Hepatikoa zenez, hil egin zen handik egun gutxira.

Maiatzeko amnistiaren aldeko mobilizazioek eta haien kontrako errepresioak sekulako eragina izan zuten orduko abagune politikoan. Besteak beste, hilabete baino gutxiago falta zelako alderdien bidez 1936tik estreinakoz egingo ziren hauteskundeetarako, eta modu latzean utzi zuten agerian nola zegoen manifestazio-eskubidea Espainiako Estatuan, eta nolako giroan egin ziren bozak Euskal Herrian. Horrez gain, errepresioak zera ekarri zuen: euskal preso politikoak askatzeko eta hauteskundeetan parte hartzeko Espainiako Gobernuarekin euskal erakunde armatuek zeramatzaten elkarrizketak errazteko su-eten isila bertan behera uztea, hilaren 18an ETA politiko militarreko Talde Bereziek Manuel Orcera Polizia Armatuko agentea Donostiako (Gipuzkoa) Amara geltokian tiroz hil baitzuten eta, hilaren 20an, Javier de Ybarra Bizkaiko Diputazioko presidentea bahitu.

Mobilizazioek eta hilaren 24a baino lehen euskal preso politiko guztiak askatu ezean hauteskundeen aurka KAS Koordinadora Abertzale Sozialistak iragarria zuen boikotak ondokoa ekarri zuten, hilaren 20an: Ministroen Kontseiluak beste 16 preso kaleratzea, baina, kasu batzuetan, erbesteratzeko baldintzapean. Horrek bozetan parte hartzeari buruz KASen baitan aurretik ere zegoen zatiketa areagotu, eta EIA Euskal Iraultzarako Alderdia koordinakundetik ateratzea ekarriko zuen. Halaber, aurreko urteetatik nabaria zen beste egitate bat modu gordinean utzi zuen agerian maiatzeko amnistiaren aldeko asteak, baita areagotu ere: Euskal Herriko eta Estatuko gainerako herrialdeetako ezkerren arteko arrakala. Izan ere, Langile Batzordeen Espainiako Koordinakunde Orokorrak eta PCE Espainiako Alderdi Komunistak, euren legeztapena lortu berria zutenek, boikot ageria egin zioten euskal mobilizazioekin elkartasunez ezker iraultzaileko talde txikiek Espainian ere greba orokorra egiteko deialdiari.

Franco gabeko frankismo garaiari buruzko diskurtso politiko periodistikoan monarkiaren lehen gobernua frankismoari lotuago aurkeztu dela, Francoren azken gobernuko presidente bera baitzuen, Carlos Arias Navarro, baita Gasteizeko gertaerek haren asmo erreformatzaileei sinesgarritasuna kendu ziotela aitortu ere. Amnistiaren aldeko bigarren asteko mobilizazioen aurkako errepresioak, ordea, zera erakusten du: ordena publikoari buruz Suárezen gobernuak zituen ikuspegia eta jokaerak antzetsuak zirela, errepresiora sistematikoki jotzen zuela, baita protestak tiroz desegitera ere. Horrek nahikoa izan beharko luke gobernu horretaz hain modu interesatuan sortu den irudi demokratizatzailea deuseztatzeko.

Azken batean, libertate politikoen eta sindikalen onarpena langile-mugimenduak berak inposatu zuen, bere ekinbidearen bidez, baita herri-mugimenduak euskal preso politikoen kaleratzea ere, gobernuak luzez egin baitzion uko, eta mobilizazio-mailak hartaratu zuen lekuetan besterik ez zuen eman amore (Estatuko beste herrialde batzuetako zenbait erakundetako presoei ez baitzieten amnistiari buruzko 46/1977 urriaren 15eko Legea aplikatuko), eta herri-mugimenduak kostu errepresibo itzela ordainduta. Eta lekutan gaude euskal erakunde politikoek eta akademikoek, baina baita herri-oroimengintzak ere, amnistiaren alde 1977ko maiatzean egindako mobilizazioetan dena eman zuten ekintzaile eta herritar xumeekin dugun zorra kitatzetik. ●

⇒  Espai Fàbrica webguneari esteka zuzena