Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Martin Villaren motxila odoltsua

2017-07-13

Juan Mari Zulaika - Goldatuko kidea

Ekainaren 28an Erregearen eskutik Legebiltzarrak Rodolfo Martin Villa kondekoratu zuen, Trantsizioaren lekuko ospetsu lez, nahiz eta Maria Servinik inputaturik eduki Argentinar Kereilan gizateriaren aurkako krimenegatik. Martxoak 3ko biktimen senideekin topo egikeran Kongresuko korridorean, domina jasotakoa ez zen batere kikildu eta betiko leloari jarrai zion: “Ez dut nire burua 1977ko Amnistiarekin babestu nahi. Argentinar Epailearen aurrean aurkeztu nahi nuke” Frankismotik bizirik diraun semerik ospetsuenak ezin duela hitz egin … Gaixoa! 

Harreman Sindikalen buru zelarik Gasteizko beharginen asanbladan hildako bost langile eta ehun zauritutakoek ez dira Martin Villari bizkarreratu daitezken bakarrak. Gobernazioko Ministroa 1976ko uztailean izendatu zutenetik, hildako eta zauritutakoez gainezka dago bere agintaldia, 40tik gora.

Izendatu eta bi egunetara, Maria Norma Mentxaka hil zuten parapolizialek, Santurtziko jaietan amnistiaren aldeko manifestaldi baten ondoren. Irailaren 8an Hondarribiko jaietan, Jesus Maria Zabala hiltzen dute poliziek tiroz, kalejoi batean.

Batik bat odoltsua gertatu zen Amnistiaren bigarren Astea, 1977ko 8tik 12ra bitartean, noiz zenbatu zitezken 9 hilak eta 11 zauritu Hego Euskal Herrian eta 25 Espainian, atxiloketa anitz eta torturekin batera. “Kalea nirea da” aitortu zuen Fragaren jarraitzale, Martin Villak “Trantsizioko Manporreru” ezizena merezi izan zuen. Baina, hemengo hedabideetan, berdin beste tokietan, ez dira aitatu bere agindupeko gertakari kriminalen zerrenda luzea. Carlos Slepoy hil-berri den Argentinar Kereilako abokatuak interes handia jarri zuen Madrileko Kontsulatutik Kereilara eransten hauetako bost testigantza, zentzuekin estutu inputatu arroaren aurkako setioa.

Kasu batzuk. 12an Oreretan, guardia zibilek tiroka ekin zioten jendetzari, 72 urteko Rafael Gomez Jauregi hilaz eta beste zazpi pertsona balaz zaurituaz. 13an, Jose Luis Cano, Oreretako semea, Polizia Armatuak Iruñean hil zuen, jipoitu ondoren, garondoan emaniko tiroz. Gregorio Marichalar Ayestaran, 63 urtekoa, bere etxeko balkoian zegoela tiroz zauritu zuten, hamar egunetara zenduaz.

14an Iruñean hil zen Luis Santamaria Miquelena, 72 urtekoa, balkoian izan zituen tiroketagatik infartuak emanda. 15an, Ortuellan,  Manuel Fuentes, 30 urtekoa,  tiroz hil zuten guardia zibilek agur-afari baten ostean. Aste tragiko honetako azken hilketa Francisco Javier Nuñezena izan zen, sadismo eta ankerkeriaz betea. 15an bere alabatxoarekin zihoala, manifestariek kontrako indarrek besterik gabe jo egin zuten eta bi egunetara epaitegira salaketa sartzera joaneran, bahitu egin zuten, jipoitu eta errizino-olioa koñakaz edanarazi gibela lehertzeraino. Ospitalean hil zen hamar egunetara.

Erdian Rodolfo Martin Villak, Frankismo garaian, Falangeren himnoa abesten.

Bere aginpean gertatu zen, baita, German Rodriguezen hilketa 1978ko Sanferminetan, Poliziaren tirokadaz. Zezen Plazan eta inguruan eman zen agindua “Ez izan hiltzeko ardurarik; jo tiroak”, Gasteizko beharginen asanbladan emanikoaren berdina da. Ez da, beraz, kasualidadea; nolanahi ere, Estaduak beldurra eragin nahi zuen Francoren Erregimena sostenitzearren.

Nekrologi guzi honen jokoa zen beti gauza bera, erantzukizun politiko eta judizialik ez ziren behin ere behar bezala aztertu, ez argitu. Epaitzen zirenean, -ez beti, noski-, argudio merkea zuten: “Ezin da jakin zeinek jaurti zuen tiroa”. Baina, Martin Villa Gobernazio Ministroa izanik, bera da erailketa sail honen erantzule politiko zuzena. Estatuaren biktimek ez dute aitorpenik izan, isilduak diraute. Inpunitatea, Estatuaren araua.

Behin bitartean, Martin Villa bere harrokeriatan. Hala esan omen zien Martxoak 3ko senideei: ”Ez dut axolik erantzukizun politikoagatik. Baina, ez naiz inolaz korrutoa”. Nondik heldu esaldi bitxiari? Nahiago al duzu krimena, ustelkeria baino? Baina, gizona, inputatua baitzaude nazioarteko Epai-gunean eta bigarrenik, ate birakarien kanpeoia zara, esate baterako, Endesaren Administrazio Kontseiluko ´okupa´ lez, zeina pribatizatu zenuelarik. Ez da hori ustelkeria? ♦