Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Oradour Sur Glane-Donostia-Wisconsin, Waffen SSetakoen bidea

2017-05-25

Hektor Ortega - Kazetaria

1944ko ekainaren 9an Waffen SSetako Das Reich dibisioak sarraski ikaragarria egin zuen Oradour Sur Glane herrian (Frantzia), Limousin eskualdeko erresistentzia komunistaren (terroristak, agiri ofizialetan) erasoei erantzunez. Naziek herritar guztiak batu, gizonak aldirietara eraman eta han fusilatu zituzten. Emakumeak eta umeak elizan sartu eta su eman zioten, tiro egiten zuten bitartean. Egun hartan 245 emakume, 207 sein eta 190 gizon hil zituzten. Biharamunean herria erre zuten, arrastoa ezabatzeko.

 

Waffen SS alderdi naziaren atal militarra zen, elitea. Ia milioi bat soldadu, 38 dibisiotan antolatuta. Oradour Sur Glaneko sarraskia ez zen Waffen-SSetako dibisioek egindako lehenengoa. Bielorrusian, esate baterako, 628 herri suntsitu zituzten, antzeko teknikak erabilita. Ekialdean ikasitakoa ekarri zuten Mendebaldera.

Waffen SSetan alemaniarrak ez ezik, beste herri askotako boluntarioak hartu zituzten: finlandiarrak, norvegiarrak, bosniarrak, kroaziarrak, frantziarrak, División Azulen ibilitako espainiarrak... Oradourren, besteak beste, alsaziarrak, hungariarrak eta ukraniarrak aritu ziren. Waffen SSetako atzerritar horietako bat Leon Degrelle (1906-1994) belgikarra izan zen. 1945ean hegazkinez egin zuen ihes eta doi-doi Donostiaraino heldu zen. Francok eta Falangek babesa eman zioten. Gerra krimenak leporatuta Belgikak estradizioa eskatu zuen arren, Espainiak ukatu egin zuen. Are okerrago: plantak egiten ibili zen. 1946ko abuztuan Degrelle kanporatu zuela zabaldu zuen. Gezurra zen. Alderantziz, Espainiak nortasun berria eman zion. Enpresari arrakastatsua bilakatu zen frankismoaren abaroan eta lasai asko hil zen demokraziaren aroan.

 

Leon Degrellek, Belgikako nazien liderra, hegazkinez ihes egin zuen Donostiaraino 1945ean. www.guregipuzkoa.eus

 

Tira, faxismoa garaitua izan ez zen estatu bakarrak Waffen SSetako kideak babestea normaltzat jo liteke. Baina Oradour Sur Glaneko sarraskiarekin gertatu zena harrigarria da. Triskantzan esku hartutako ofizial bakarra auzipetu zuten: Alemania komunistan 1983an aurkitu zuten Heinz Barth, Oradourreko gizonen hilketa gidatu zuen ofiziala alegia. Bizi arteko kartzela zigorra ezarri zioten. Alemania kapitalistak, ostera, Espainia frankistak bezala jokatu zuen: Das Reich dibisioko burua, Heinz Lammerding (1905-1971), Düsseldorfen bizi izan zen gerra ostean, arazo barik, enpresa arrakastatsuaren jabe. Inoiz ez zuten epaitu. Frantzian heriotza zigorra jarri zioten 1949an, baina Alemaniak ez zuen estradizio eskabidea onartu. Münster aldean bizi zen Erich Otto Kahn (1908-1977) eta goi mailako beste ofizial zahar batzuekin berdin jokatu zuen.

1945eko urtarrilean Waffen-SSetako kideek preso hartutako estatubatuar soldadu andana hil zuten, Ardenetako guduan (Malmedyko sarraskia). Orduan bai, arduradunak epaitu (1946ko maiatzean eta ekainean) eta zigorrak barra-barra ezarri zizkieten: 43ri heriotza-zigorra eta 22ri bizi-arteko kartzela. Baina kondena haiek ere ez ziren gauzatu. Presio itzelak hasi ziren, lehenengo Alemanian –ongi kokatutako ofizial nazi zaharren inguruetatik- eta Estatu Batuetan gero. Itsasoz bestaldean Wisconsingo senatari gazte bat nabarmendu zen Waffen-SSetako kideen kontrako auziaren justizia eza ahoa betean salatzen: Joseph McCarthy. 

Oradour Sur Glaneko horma kiskaliek bere horretan diraute gaur, basakeriaren testigantza ematen. ●