Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Ahanzturarik ez

2016-10-28

Beñi Agirre - Nabarraldeko kidea

Historia beti da iragana; memoria, berriz, iraganaren ezeztapen garbia da; zeren eta oroitzea, iragana “gaur” gogoratzea baita. Urteroko ekainaren 24etan Eskopeteroak ateratzen dira Tolosako kaleetan barrena, “Alardea” izenez ere ezagutzen den gizon-emakumeen martxan. Eskopetak bizkarrean eta noizbehinka tiro batzuk jaurtikiz dantzariekin batzen dira. Alardean desfilatu ondoren, dantzariek Bordon-dantza dantzatuko dute herriko festa nagusietako batean. 

 

Beste herri batzuetan ez bezala, festa honetan, gizon, emakume, zahar eta gazteak elkarrekin ateratzen dira desfilean eta dantzan. Hori al da meritu guztia? Zer ospatzen dute?

Historia

Historia jakina da, aztertua eta egiaztatua. Kanta labur batez erakusten dute:

“Milla urte igarota;
ura bere bidean
gipuzkoarrak sartu dira,
Gazteluko etxean
nafarrakin batu dira,
Beotibarren pelean.”

Alegia, “gipuzkoarrak” (artean Gaztelako erresumaren mendeko nafar tenentziak) eta nafarrak (erresuma independentea) pelea batean nahastu zirela Beotibarko batailan. Historia ezagutzen dugu: Nafarroako tropek Lekunberri eta Gorritin Gaztelarekiko muga babesten zuten. Gipuzkoako Ahaide Nagusien osteek, berriz, Berastegin eta harresitutako Tolosan gotorleku segurua zuten. Azken hauek “gaizkileen mugako” liskarrak ohikoak zirela baliatuz Gorritiko gaztelua hartu zuten. Ondoren, Nafarroako Ponce de Morentaina tenenteak tropak bildu zituen erasoari aurre egiteko. Nafarroak Gorriti berreskuratu ondoren Berastegiraino sartu ziren. Gil Lopez Larrea etxeko oinaztarrak, ordea, aurre egin eta irabazi egin zien nafarrei Beotibarko zelaietan, 1321eko irailaren 19an. Horretaz ari gara gaur.

Tolosako alardearen irudi bat frankismoaren garaian. Argazkia: Tolosaldeko Ataria

Errelatoa

Hortaz, Tolosan, gipuzkoarren eta nafarren arteko bataila gogoratu eta ospatu egiten dute. Alde batera utzita euskaldunok festazale eta ehizazale dugun fama, zer kontatu digute Beotibarko batailaz Mateo txisturen antzera eskopeta hartu eta haizera tiroka hasteko irrika pizteko? Esteban de Garibaik, Espainiako erresumaren kronikari organikoak, 60.000 arma-lagun zenbatu zituen nafar gudarostean. Horien aurrean 800 oinaztar Ahaide Nagusi baten agindura sekulako jipoia eman omen zion nafar, gaskoin eta frantsesez osatutako ejertzito profesionalari. Ipuinaren gehiegikeria bistakoa da, baina, errelatoak balio izan du gipuzkoarron harrotasuna puzteko eta festa giroan harrokeria hori erakusteko. 1512ko konkistaren inguruan antolatutako Arrasateko kongresuan, Floren Aoizek esanetan “Gertaera hori, “fazienda” bat nafarrentzat, izugarrizko bataila bilakatu da gipuzkoar eta Gaztelaren kronikari eta historiagile gehienen narraziotan, …” Koldo Martinez Garatek, berriz, zera dio: 1200eko nafar mendebaldeko konkistaren testuinguruan, Gaztelak harresitutako “gazkileen mugako” liskar baten aurrean gaude. Gaztelak zirikatutako gaizkileen mugan gertatuko borroka puztu egin da asmo politiko nabarmenez, kondairaren kategoria eman diote, ondorioz iruditeria eta ideologia zehatza sortu da. Alegia, memoria.

Memoria

Hauetatik guztietatik zer geratu da nafar-euskaldunon memorian? Gure errelato propioa egin ezean, besteek euren interes politikoaren arabera egingo dute gurea. Zer da Beotibarkoa? Gaztelak bultzatutako anai-arreben arteko liskarra ala Ahaide Nagusi euskaldunek etsaiaren kontra irabazitako bataila handia? Espainiak eta Frantziak Euskal Herriaz egiten duten errelatoaren funtsa zera da, inoiz izaera politiko izan ez duen Euskal Herria ameskeria hutsala dela eta azukre koskor baten antzera historian urtzen den erradikalen asmo txarra dela. Eneko Aritza, Noaingo bataila, Amaiur, karlistaldiak, Foruak, ETA, Beotibar… Horiek denak historia dira. Historia horien denen errelatoa propioa egin ezean, hurrengo belaunaldien memorian zer geratuko da? Manipulazioa eta ahanztura, ziur. •