Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

5.022

2016-06-24

Karmele Urbistondo - Euskal Memoria

Mariajeri, duela 44 urte bizi izan zuena kontatzeko erabakia hartzeagatik.

Inoiz ez da berandu.

 

            5.022. Ez da zenbaki huts bat. Ezdeusa. Ezta okerra ere. Aukeran, nahiago genuke adierazten duen hori ez adieraztea. Aukeran, lehen, hirugarren eta laugarren digitua kenduko genioke zifra horri, eta bigarrena soilik utzi, alegia, 0. Aukeran, nahiago genuke horren harira ezer ez idatzi behar izatea. Edo ezagutzera eman behar ez izatea. 

5.022. Gutxietsi ezin daitekeen zenbatekoa da. Ukatu. Isildu. Ezkutatu. Izan da eta izango da aurrerantzean ere saiakerarik zentzu horretan, alferrik, baina. Behin eta berriz azaleratuko da. Asmakeriatzat joko da. Iraintzat. Gezurrik ez dago, ordea. Baldinbaitere! Horren aurrean itsu, gor, mutu izan denik bada; bihar ere izango da nor edo nor. Atzo, gaur edo etzi. Beti. Ikusi, entzun eta salatu nahi ez duenarentzat ez dago egunik, asterik, urterik. Aitortu nahi ez duenarentzat eta, ere ez.

5.022. Euskal Memoria Fundazioak gaurdaino egiaztatu ahal izan dituen tortura kasuak dira. Etenik gabe, zeregin horretan jarraitzen du. Batetik, torturaren ikerketan eta salaketan aitzindari izan direnekin, eta, bestetik, egun horretan dihardutenekin. Eskuz esku, argitara zer atera bai baitago oraindik. Torturari buruz asko hitz egin behar izan da Euskal Herrian. Gehiegi, tamalez. Hitz egiten ari da orain. Eta hitz egingo da etorkizunean ere.   

Zenbaki horren atzean Hidalgo eta Muñecas kapitainak daude. Edo Juan Antonio González Pachecho ―Billy el Niño―, Melitón Manzanas eta Iglesias. Edo Raimundo Maestro eta Jesús Martínez Torres. Izen beste ezizen. Ezagun beste ezezagun. Mina eragiteko ikasiak, trebatuak. Plastiko beltzak burutik behera, arnasa estu, estuago. Itolarria. Saio bat, bi, bederatzi. Oka egin. Hori irentsarazi. Ahoa lehor, egarri. “Ura nahi duzu?” Baldeka ur gainera. Hotza. Ikara. Hotzikara. Bultzadak. Kolpeak eta ostikoak. Bat, lau, hamaika. Nonahi, noiznahi. Elektrodoak. Gorputz ataletan deskarga bat, hiru, zortzi. Ubeldurak eta erredurak. Zauriak, zauri sakonak, sendaezinak. Biolentzia funtzionarioen eskuetatik, hanketatik, ahotik. Nor izateari utzi.

Tormentua. Ankerkeria. Eta bakardadea. Beldurra. Nor izateari utzi.

Biluztasuna. Bortxaketak. Hautsi. Eten. Txikitu. Lehertu. Desegin. Hutseratu. Nor izateari utzi.

Inkomunikazioa. Galdeketa saio amaigabeak. Eta hitz bat: aztnugal. Alderantziz, laguntza. Zerk bultzatzen du pertsona agiri bat horrela izenpetzera?

Zenbaki horren atzean odolaren gorria dago. Eta usaina. Bihotz-taupada geldiaraziak, isilaraziak. Antonio, Juan, Gurutze, Esteban, Mikel, Mercedes, Joseba, Xabier, Manuel, Juan Jose eta Alfredo daude. Jasandako torturen ondorioz, gorpu.

Carlos Bueren, Baltasar Garzón, Juan del Olmo eta Fernando Grande Marlaska. Esaterako. Edo Leonor Ladrón de Guevara daude zenbaki horren atzean. Epaile, auzitegiko mediku. Kate bereko begiak. Makur-makur, sorgor, hotz, axolagabe, despota torturatuen aurrean.

Zenbaki horren atzean izen-abizenak daude: Itziar, Amaia, Unai, Ainara, Aitor, Igor, Agurtzane, Miren edo Jon. Ehunka gehiago. Atxilotze-guneak daude: Intxaurrondo, Tres Cantos edo Indautxu, adibidez. Han-hemengo ziega-zulo ilun, beldurgarriak; oinazez betetako leotz kirasdun eta zikinak. Baita segurtasun indarrak ere: Guardia Zibila, Polizia Nazionala edo Ertzaintza, kasu. Udalerriak, nola ekialdeko eta hegoaldeko, hala mendebaldeko eta iparraldeko. Datak, gogoan ondo gordeta. Emakume eta gizon asko dago. Kontakizun adina. Bizipen hainbeste. Egia bezainbat. Konta ezin ahala negar-intziri, amesgaizto.

Ez, torturak ez du egiaztatze eta ikerketa handiagoa behar, txosten batzuek hala badiote ere. Nahikoa froga badago. Torturak salaketa irmoa, ozena behar du. Hori indarrean jarri, iraunarazi eta sistematizatu duten estatuei eta estatu-aparatuei erantzukizuna eta autokritika eskatu behar zaie. Bai, horiei ere. Neurri, hizkera berarekin. Inpunitatearen itzala luzeegia da; behingoz eta betirako amaitzea ezinbestekoa da. Ez da berariaz etorriko, ordea. Galdegin, eskatu egin behar da. Neurri, hizkera berarekin. Tortura jasan duen orori, berriz, egia, justizia eta erreparazioa eskaini behar zaie. 

Noizko?

5.022 tortura lekukotasun gaur arte. Nork bere barnean oraindik gorderik daramatzan horiek jasotzea dugu helburu, ordea. Guzti-guztiak. Bere gogorrean ere, ezagutzera ematea garrantzitsua da, ezinbestekoa. Inoiz ez da berandu.

Bide horretan lagun, Jokin, Ixone, Aingeru, Nekane, Andoni, Jugatx, Hektor, Kepa, Bego, Iñaki, Enkar, Gaizka, Karlos, Amaia, Jabi, Koldo… Mila esker. •

[Goiko argazkian, erdian, Hidalgo kapitaina; beheko argazkian, Melitón Manzanas]