Albisteak

Laura Pego, Eugenio Etxebeste eta Jose Schulman mintzatu ziren Donostiako torturari buruzko ekitaldian

2018-02-16

Joan den ostiralean, otsailaren 16an, Euskal Memoria Fundazioak torturari buruzko ekitaldi bat antolatu zuen Donostiako Carlos Santamaria Zentroan, EHUko liburutegian. Ekitaldiaren aurkezlea Bego Zubia kazetaria izan zen eta hitzaldian parte hartu zuten Eugenio Etxebestek Antton, Euskal Memoriako kidea; Laura Pego Oterok, IVAC-KREIko ikertzailea eta kriminologoa eta Jose Schulmanek, Argentinako Giza Eskubideen Ligako idazkari nazionala, idazlea eta preso politiko ohia. Tortura: Egia, Justizia, Aitortza lelopean mintzatu ziren hiru hizlariak Antonio Beristain auditorioan.

Lehenengo interbentzioa Etxebesterena izan zen. Gogoratu zuen Euskal Memoriak torturari buruz egindako lana zein izan den orain artean: 5.657 tortura kasu bildu ditu Euskal Herri osoan. Horrez gain, gehitu zuen torturaren ukazioa tabu nagusi bat izan dela, eta salatu zuen krudelkeria hori estaltzeko hainbat eufemismo erabiltzen direla: tratu txarrak, kolpeak eta abar. Etxebesteren esanetan, gizateriaren aurkako krimena da tortura. Azkenik, jadanik martxan dauden ikerketak errazteko eskatu zuen Etxebestek, hurrengo urteetan torturaren mapa osatzeko.

Laura Pegok, berriz, Kriminologiaren Euskal Institutuko kidea eta Eusko Jaurlaritzak eginiko txostenaren koordinatzaileetako bat, Estrasburgoko azken sententziari buruz hitz egin zuen. Pegoren ustez aurrerapauso bat izan da Estrasburgoko epaileen erabakia. Bere esanetan, “ahultasunak dituen sistema demokratiko batean gaude eta prebentzio mekanismoek ez dute funtzionatu".

Azkenik, hitza hartu zuen Jose Schulmanek, giza eskubideen arloan aditua. Argentinako kasuari buruz hitz egin ondoren, Schulmanek esan zuen berarentzat torturaren presentziak eta kapitalismoak lotura zuzena dutela. "Torturarekin bukatzeko beharrezkoa da egungo bidegabeko sistemarekin bukatzea". Schulmanen ustez tortura delituak ezin du preskribatu, gizate osoari kalte egiteagatik.