Albisteak

Mikel Zabalza kasua ezagutarazteko dokumental egitasmoa aurkeztu dute

2015-06-05

“Galdutako objetuak” dokumentalaren egitasmoa aurkeztu dute,  Mikel Zabalza kasuaren zein torturaren eragina ardatz duen ikus-entzunezkoa. Sustatzaileek Iruñean egin dute aurkezpena, babesa eskaini dioten eragileekin zein herritarrekin batera. Euskal Memoria Fundazioak egitasmoak torturaren egia ezagutzeko bideari egiten dion ekarpena eskertu du.

 

Belaunaldi berriei Mikel Zabalza kasuan gertaturikoa kontatzeko bitarteko bat eskaini nahi dutela adierazi dute egitasmoaren sustatzaileek  Katakrak-eko aretoan egindako aurkezpen jendetsuan. Izan ere, “Mikel Zabalzaren kasua ez baita zerbait isolatua. Euskal Herrian torturaren praktika zerbait sistematikoa izan da, eta torturak Euskal Herrian izandako eragina ere aztertu nahi dugu”, Miguel Angel Llamasek adierazi bezala. Ahotsa.info, Piztu.info eta Eguzki Bideoak elkartu dira 2016ko irailerako dokumentala burutzeko, eta herritarren zein elkarteen laguntza eskatu dute.

Iritzi publikoaren epaiketa

30 urteotan Mikelen heriotza epaitegietara eramateko saiakera guztiek huts egin dutela eta, Zabalzaren sendia nahigabetuta agertu da, baina Idoia Zabalzak adierazi bezala, "zorionez esan dezakegu Mikelen heriotzak ez zuela iritzi publikoaren epaiketa gainditu eta gaur egun kasik inork ez du zalantzan jartzen non eta nola hil zuten". Noizbait gertakizun horiek behin betiko argitzea nahi badugu, "ezinbestekoa dugu ahantzirik ez uztea eta gertaturikoa gogoan edukitzea", azpimarratu du, dokumentalaren proiektuagatik eskertuta. 

Torturaren egia

Mikel Zabalzarekin zein torturaren ondorioz azken hamarkadetan hildako beste hamar euskal herritarren kasuarekin lotuta, egia ezagutzeko beharraz aritu dira ekimena babestu duten eragileak, Egiari Zor, ELA sindikatua eta Euskal Memoria fundazioa, besteak beste.

Arantxa Erasunek, Euskal Memoriaren izenean, torturaren ondorio guztiak jasotzeko auzolanaren beharra azpimarratu du, torturaren ondorioz hil direnak bereziki gogoratu ostean: "Dokumental hau bezalako bozgorailuak behar ditugu torturaren egiak ezagutarazteko, eta leotzetatik bizirik atera diren milaka horien lekukotasunak jasotzen segi behar dugu, elkarlanean, torturaren egia horiek guztiak josten".

Ikus Dokumentazio Gunean Mikel Zabalza kasuari zein beste hildakoei buruzko dosierrak.

 

Mikel Zabalza kasua ezagutarazteko dokumental egitasmoa aurkeztu dute
Mikel Zabalza kasua ezagutarazteko dokumental egitasmoa aurkeztu dute

Estekak