Albisteak

Dokumentazio Gunea aurkeztu du Euskal Memoriak

2015-05-07

Milaka izen, haien sufrimendu eta pairamen ezagutu gabeak, onartu gabeak, kontakizun ofizial nagusietatik erauziak. Azken mendean etengabea da jazarpenaren eta errepresioaren arrastoa euskal herritarrengan, eta aitortu gabeko biktimen zerrenda amaigabea. Hau guztia bildu, dokumentatu eta modu iraunkorrean jendarteratzeko tresna abian jarri berri du Euskal Memoria Fundazioak, Donostian egindako aurkezpenean.

Urteak daramatzagu modu herritarrean zein bestelako dokumentazio iturrietara joz bilduma lana egiten. Hala,  Dokumentazio Gune Iraunkorra taxutu eta edukien zati bat deskribatuta dagoela, tresna hau jendarteari eskuragarri jartzeko pausoa eman du Euskal Memoria Fundazioak, gaur memoriaren zein giza eskubideen esparruan ari diren hainbat eragileren parte hartzearekin burutu den aurkezpenaren bitartez. Gatazkaren testuinguruan eta errepresioaren ondorioz hildakoen saila zabaldu dugu, webgunearen Dokumentazio Gunea ataritik sartuta jada eskuragarri dagoena. Serie edo atal hau Gatazka eta errepresioa: 1960tik aurrera funtsaren parte da, eta ia 500 hildako pertsonen inguruko datu eta dokumentazioz osatua da.

Dokumentazio Gune digitalak eta honekin loturiko kudeaketa dokumentalak nazioarteko irizpide artxibistikoak segitzen ditu, hala erabilgarritasunari nola fidagarritasunari begira. Izan ere, herritarrek eta biktima izan direnek zuzenean kontatu dutena zein orain arteko egindako bilduma eta ikerketetan jasoa izan dena modu argian herritarren ezagupenera ekartzea baita helburu, ahalik eta informazio zehatzenaz lagundua. Euskal Memoriaren artxibo orokorrak hiru epealdi jasotzen ditu bere sailkapen gidan: batetik, XX. mende hasierako errepresioa (1895-1936); bestetik, faxismoa eta erresistentzia (1936-1959) eta hirugarrenik gatazka politikoa eta errepresioa 1960tik gaurdaino. Orain azken epealdiko sail batekin zabalduko dugu Gunea, eta ikusgai jarriko ditugun hurrengoak torturaren eta gerra zikinaren ondorioen atalak izango dira.

 

Lehen leihoa, 1960tik aurrera hildakoak

Biktimen inguruko aipamenak nonahi topatuko ditugu egun, gatazka politikoaren ondorioen bueltan. Orain arteko diskurtso nagusietan, ordea, hildako batzuek ez dute lekurik izan. Pertsona horien heriotza geure memoriaren parte delako, horixe Euskal Memoriak deskribatu eta zabaldu duen lehen atala. Hain zuzen ere, euskal auziaren baitan, gatazka testuinguruan estatuek sustatu edo babestutako bortxakeriaren ondorioz hil diren pertsonei buruzko datuak jasotzen dira: torturaz hildakoak, segurtasun indarren bortizkeriak hildakoak, dispertsioak eta kartzela politikak hildakoak, talde parapolizialek hildakoak eta exekuzio arbitrarioak.

 

Gatazkarekin erlazionaturiko zirkunstantzia desberdinetan hil diren hainbat pertsonei buruzko informazioa ere biltzen da, hala nola istripuetan, jazarpen egoeratan, tiroketetan, erbestean zein deportazioan. Euskal auziari loturik, elkartasunezko ekimenetan beste herrialde batzuetan hil diren pertsonei buruz, bai eta nazioarteko beste gatazka batzuetan hil diren euskaldunei buruz eskuraturiko informazioa ere jasotzen da.

 

Hainbat datu, Gatazkaren testuinguruan eta errepresioaren ondorioz hildakoen sailaz:

- Hauetarik ia erdia (% 49,2) herritar soilak ziren, inongo taldetako kide.

- Heriotzen erditik gertu (% 46,2) Espainiako Segurtasun Indarrek eragindakoak dira.

- 83 kasu (% 16,8) gerra zikinarekin lotuak daude: BVE, GAL edota AAA taldeek aldarrikatutakoak zein argitu gabeko kasuak eta talde faxistek eragindakoak. 

- 46 heriotza (% 9,3) espetxe politikarekin lotuta daude.

Dokumentazio Gunea aurkeztu du Euskal Memoriak
Dokumentazio Gunea aurkeztu du Euskal Memoriak