Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Motxilak

2018-06-01

Aritz Sorzabal - Kazetaria

Nievesek ez du inoiz motxila bizkargainetik kendu. Jaio aurretik soinean zuen dagoeneko, haurdunaldiaren bosgarren hilabetean atxilotu eta torturatu baitzuten aita, Francoren diktaduraren hastapenean. Bi urte geroago, espetxean ikusi zuen aita lehen aldiz. Funtzionarioek besoetan hartu zuten unea gogoan du oraindik. Negar batean eraman zuten harengana, amarekin ezin baitzuen bisitatu. Debekatuta zuten.

Gogoan du ere polizia indarrak etxera joan zirenekoa, haur bat besterik ez zenean. Miaketak egin ohi zituzten Frankismoak bisita edo ekitaldi entzutetsu bat antolatzen zuen bakoitzean, eta susmagarrien etxeetara joan ohi ziren horretarako, zenbait kasutan, susmagarriak eurak Ondarretako kartzelara eramateko ere, kaleak garbitzeko edo, egun horietako zalaparta amaitu bitartean.

1968. urteko uda ere oso presente du; Meliton Manzanas hil zuten eguna, hain justu. Aitak isiltasuna apurtu zuen orduan, eta polizia buru harek torturatu zuela aitortu zuen familia aurrean.

Hamarkadak pasa ziren Nievesentzat, eta, motxiladun haurra izatetik, motxiladun ama bilakatu zuen gatazkak. Motxiladun emazte ere izan zen bitarte horretan, baina, kasu honetan, senarraren gaixotasun luze baten ondorioz. Egun, motxiladun ama ez ezik, motxiladun amona ere bada. Eta zama arindu ezinik igarotzen ditu egunak, alaba eta bilobari dedikatuta, beretzako denborarik izan gabe. Ahaztuta du lau ordu jarraian lo egin zuen azken eguna, eta sinetsita dago bizitza alaba etxean berriro ikusi gabe agurtuko duela.

Nire ama bezala, egoera berean hainbat eta hainbat senide daude Euskal Herrian. Aitortza egin bekarko litzaieke guztiei, biktimak ere badirelako. Hala ere, edozer gauzaren gainetik, konponbidea dute merezi; horixe litzateke omenaldirik onena. Zoritxarrez, urruti dute oraindik, motxila bete kilometro itzultzen baitira etxera astebururo. Bistan da, azken motxila hustu arte, herri honek ez duela bakerik ezagutuko. ♦