Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Emakumeen auzitegi sinbolikoak

2017-07-20

Irantzu Mendia Azkue - EHUko irakaslea eta HEGOA Institutuko kidea

Emakumeen kontrako krimenen ikusezintasuna eta zigorgabetasun juridikoa nabariak dira gatazka armatua, errepresioa eta edonolako talde indarkeria egon den edo dagoen testuinguru orotan. Horren aurrean, nazioartean mugimendu feministak “auzitegi sinboliko” delakoak hartu ditu salaketa eta emakumeen erreparazioa burutzeko baliabide alternatibo gisa. Iniziatiba horietako lehenengoak Asian eta Ozeano Barean izan ziren, eta esperientzia hori munduko beste kontinenteetara hedatu zen gero[1].

Asian, 2000n izandako Tokioko Auzitegia adibide aipagarria da. Bigarren Mundu Gerran zehar, Japoniako armadak herrialde ezberdinetako (Filipinak, Korea, Txina, Taiwan, Holanda, Indonesia, Malasia eta Janponia bera) milaka emakume sexu-esklabu izatera behartu zituen eta auzitegi horren xedea, gerra krimena eta gizadiaren kontrako krimena den hori epaitzea zen. Testigantza eman zuten emakumeek 50 urtez isilaraziak izan eta gero salaketa publikoa egiteko determinazioa erakutsi zuten. Japoniako Estatuak erantzukizun juridiko edo politikorik duenik ukatzen jarraitu duen arren, armadak “comfort women” gisa izendatu zituen emakume horien egia ukaezina da guztiontzat.

Latinoamerikaren kasuan, Kolonbia izan da erakunde feministek ezarritako auzitegi sinboliko gehien izan dituen herrietariko bat. 90ko hamarkadatik, lau izan dira bertan: 1) Emakumeen aurka egindako gizadiaren kontrako delituen aurkako egiaren auzitegia (Cartagena, 1998); 2) Ahaztearen kontrako eta Berriro bizitzeko emakume kolonbiarren Gorteak (Cali, 2005 eta 2006); 3) Egiaren auzitegi sinbolikoa: Azala letreiatu kanpaina (Medellin, 2007); eta d) Emakumeen giza eskubideen urraketen gaineko auzitegia: Emakumeen ahotsa gabe egia ez da osoa (Medellin, 2010). Guatemalaren kasuan, 1998an egin zen Emakumeen Lehenengo Kontzientzia Auzitegia eta beranduago, 2010ean, Barne gatazka armatuan zeharreko emakumeen kontrako sexu-indarkeriaren aurkako Kontzientzia Auzitegia ospatu zen. Latinoamerikako beste adibide batzuen artean aipa daitezke: 1995ko Emakumeen giza eskubideen urraketen kontrako auzitegia Costa Rican; edo 2004ko Emakumeen kontrako indarkeria eta bereizkeriaren gaineko Konzientzia Auzitegia: Ciudad Juarez eta Chihuahuako kasuak Mexikon.

Hildo beretik, Mugarik Gabe elkarteak beste zenbait euskal gizarte-eragileekin bat eginez, Emakumeen Eskubideen Nazioarteko Auzitegia. Viena+20. Euskalherria, 2013 antolatu zuen Bilbon. Horretan, Euskal Herriko zein Espainiar Estatuko eta Latinoamerikako testigantzak aurkeztu ziren emakumeen giza-eskubideen urraketa ezberdinen adibide gisa. Urraketa horiek bere dimentsio guztietan testuinguratzeko eta azaltzeko aditu ezberdinen aurkezpenak ere egin ziren[2].

Oro har, emakumeen auzitegi sinbolikoek izaera estrategikoa dute zenbait zentzutan. Lehenik, emakumeen memoriarako eta aitorpen historikorako espazioak zabaltzen dituzte. Elisabeth Lira-k talde-memoriaren inguruan egiten duen hausnarketa jarraikiz, gizarteek ez dute beti behar den arreta jartzen gertaera traumatikoek biktimengan duten efektuetan, baina “laguntza zuzenarekin gertatzen den bezala, gertatutakoaren aitorpen publikoak eta jasotako elkartasun adierazpenek ere rol garrantzitsua dute norbanako eta talde-esparruan”[3]. Horrela, gertatutakoaren inguruan talde-oroimena sortzeko aurreko urrats gisa, aitorpena bilatzen da eta emakumeen auzitegiak horretarako bitartekoak dira. Indarkeria pairatu eta bizirik iraun duten emakume adinduen kasuan, aitorpen historikoa eta talde-memoriaren eraikuntza premia etiko eta politikoa da. Biktimen ikuspegitik, auzitegiek memoria lana sendotzeko balio dute; lan hori, emakumeen kontrako krimenak ez ahazteko eta haien inguruko isiltasuna hausteko agindu bilakatzen da eta. Horren ildotik, oso egokia zen 2010an Guatemalako Kontzientzia Auzitegia sortu zuen kanpainaren leloa: Ez ahanztura, ez isiltasuna.

Guatemalako Konzientzia Auzitegia.

Bigarrenik, auzitegi sinbolikoek eztabaida soziala sortzen laguntzen dute emakumeen kontrako krimenen inguruan. Auzitegien izaera publikoari esker, ahanztura eta isiltasuna sustatzen duten politiken aurrean, emakumeen giza eskubideen urraketen larritasuna eta garrantzia ezagutzera ematen da. Aldi berean, izaera publiko horrek ideia hau indartzen du: biktimek ez ezik, gizarte osoak ere egia ezagutzeko eskubidea duela. Gainera, auzitegiek bai gatazka armatuan bai beste edozein testuinguruan emakumeen kontra erabilitako indarkeriaren jarraitutasunaz gizarteak kontzientzia har dezan laguntzen dute. Hori dela eta, 2010eko Guatemalako Konzientzia Auzitegiak zenbait emakume maiaren lekukotasuna bildu zuen, indarkeria pairatu dutenak 80ko hamarkadan eta baita gaur egun haien lurrak uztera behartuak izan direnean ere. Lekukotasun anitza hauei esker ikusi eta ulertu ahal da emakumeen kontrako indarkeriak “bake” garaian ere, tokiko eta nazioarteko botere ekonomiko eta politikoen zerbitzura jartzen den tresna politiko-militarra izaten jarraitzen duela.

Azkenik, auzitegi sinbolikoek bertan aurkeztutako kasuak justizia-sistema arruntara heltzeko baldintzak sortzen laguntzen dute salaketa formala egitearen bidea hautatzen duten emakumeen kasuan. Indakeria pairatu eta epai-prozesua hasi nahi duten emakumeentzat, ekimen mota hau nolabaiteko “entsegua” izan daiteke askotan. Izan ere, auzitegi sinbolikoak ez dira biktimen justizia-eskubidearen ordezkoak, eta ez dituzte justizia-agenteak eskubide hori bermatzeko erantzukizunez libre uzten. Aitzitik, auzitegi sinbolikoek estatuek egin behar duen bidea gogorarazten dute. Hau da, justizia administratzeko arduradunei emakumeen kontrako krimenen aurrean justizia ezartzeko mezua igortzen die. Helburu honi lotuta, erakunde feminista askok zentzu pedagogikoa ematen diete auzitegi sinbolikoei. Bestalde, prozesu legalak biktimei eskatzen dizkien baldintzak bete ezin dituzten emakumeen kasuan (gehiengoa), auzitegi sinboliko hauek lortuko duten justizia eta erreparazio mota bakarra izan daitezke. ‚óŹ

 


[1] KUMAR, Corinne (2011) (2. arg): “Our Memories are Our Histories: Conversations on the Courts of Women”, hemen: KUMAR, Corinne (arg.): Asking, we walk. The south as new political imaginary, Streelekha, Bangalore (India), 2. Bol., 184-214.

[2] Gehiago ezagutzeko ikus: http://www.mugarikgabe.org/blog/2014/02/27/tribunal-de-derechos-de-las-mujeres/.

[3] LIRA, Elisabeth (2010): Memoria y convivencia democrática: políticas de olvido y memoria, FLACSO, San José (Costa Rica).