Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Emakumeen egiari zor

2017-02-23

Irantzu Mendia Azkue - EHUko irakaslea eta HEGOA institutuko kidea

Gatazka armatuetan eta errepresio-erregimenetan gertatutako giza eskubideen urraketa larrien aurrean zigorgabetasun giro orokorra dago, herri gehienetan, ahazte eta isiltze politikak ofizialki ezartzen direlarik. Alabaina, emakumeen kontrako krimenen inguruko zigorgabetasuna are handiagoa da mundu osoan, haien kasuan ahazte eta isiltzearen inposaketa instituzionala izateaz gain soziala ere badelako. Honek, emakumeek duten egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea modu lazgarrian urratzen du.

Egia bilatzeko prozesuetan zentratuz, lehenik, emakumeak nekez agertzen dira giza eskubideen urraketen biktima gisa. Priscilla Haynerrek 1994an burutu zuen ikerketa konparatibo ezagunean[1], 1974-1994 epean ezarritako hamabost egiaren batzordeetatik ez dago emakumeak edo generoa aipatzen duen erreferentzia bat ere. Honek agerian uzten du emakumeen kontrako indarkeria ez zela aintzat hartu batzorde horien ikerketen parametroak zehazterakoan eta beraz, indarkeria horren dimentsioa eta ezaugarriak ikustezin mantendu zirela.

Lehenengo salbuespenetariko bat aurrerago heldu zen, Guatemalako Argitze Historikorako Batzordearen (CEH) txostena argitaratu zenean 1999an. Mugimendu feministaren presioari esker, herri horretan gertatutako gatazka armatuan emakumeen kontrako sexu-indarkeria praktika orokortua, planifikatua eta sistematikoa izan zela onartu zen, eta gehien bat emakume indigena maien kontra erabili zela. Dena dela, CEHk berak aitortu bezala, indarkeria hau azpierregistratuta geratu zen eta erregistratutako kasu oso gutxi ikertuak edo dokumentuak izan ziren. Hain justu ere, txostenak 1.465 sexu-indarkeria kasu baino ez zituen bildu (erregistratutako giza eskubideen urraketen %3 baino gutxiago), eta horietatik 285 kasu bakarrik dokumentatu ziren.

Bigarrenik, kasuen azpierregistro eta dokumentazio urriarekin batera, egiaren batzordeek gehien bat gizonek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketetan arreta jartzeko joera izan dute, hala nola, judizioz kanpoko exekuzioak, atxiloketa bidegabeak eta desagertze behartuak. Emakume askok delitu berberak jasan izan dituzte eta aldi berean, ikerketek ez dute arreta nahikoa edo inolako arreta jarri, ordea, emakumeek modu gehiegizkoan pairatzen dituzten indarkeriatan, besteak beste, sexu-indarkerian eta migrazio behartuan. Bi delitu hauek gainera, sarri ematen dira emakumeen erahilketarekin batera.

Eta hirugarrenik, maiz, emakumeek euren eskubideen urraketak baino, beste inoren, ia beti gizonen (senarren, semeen, anaien, iloben...) eskubideen urraketak lehenesten dituzte, eta hori emakumeen kontrako krimenen azpierregistroaren eta ikusezintasunaren beste arrazoi bat litzateke. Hau azaltzeko, alde batetik kontuan hartu behar da emakumeek euren bizipenen gutxiespen historikoa oso barneratuta dutela eta, hortaz, ohikoa da haiek pentsatzea “eurena ez dela horren garrantsitzua” edo euren kontrako zenbait indarkeria ez identifikatzea giza eskubideen urraketa gisa. Izan ere, esanguratsua da 1998an bezain berandu izan zela Nazioarteko Zigor Auzitegia sortu zuen Erromako Estatutuan sexu-indarkeria gerrako krimen, genozidio eta gizadiaren kontrako krimentzat jo zela. 1990ko hamarkada horretararte, emakumeen kontrako indarkeria gerra eta errepresioaren ekiditu ezinezko efektu “natural” eta “kolateral”tzat hartuak ziren bai Nazioarteko Zuzenbidean bai jendartean.

Bestetik, eta gehienbat sexu-indarkeria kasuetan, beldurra, lotsa, gertatutakoa baldintza egoki eta duinetan kontatzeko aukera falta eta batez ere estigma sozial gogorra izan daitezke krimenen ikusezintasunaren arrazoiak, besteak beste. Ezin da ahaztu, sinesgaitza bada ere, emakumen kontrako sexu-indarkeria dela krimen bakarra zeinaren inguruan erantzunkizunaren susmoa eta zalantza biktimarengan eta ez biktimarioarengan kokatzen den.

Nazio Batuetako Egia, Justizia, Erreparazioa eta Berriro gertatuko ez delako bermeak bultzatzeko Errelatoreak, Pablo de Greiff-ek, espainiar Estatuaren kasurako bere 2014ko txostenean honakoa adierazi zuen: “Errelatoreak kexka bereziarekin hartzen du emakumeen kontrako indarkerien inpaktua, izan biktima zuzenak edo zeharkakoak, eta egun ezarrean dauden erreparazio neurriek inpaktu horri orokorrean eskaintzen dioten arreta urria”. Eta txosten berean baina aurrerago proposatzen du: “Emakumeen eskubideen urraketen inguruko ikerketak gehitzea eta Gerra Zibila eta frankismoaren ondorioz pairatu zuten kaltea erreperatzeko eta modu berezian aitortzeko neurriak garatzea, barne hartuz haien edo bere familien edo bikoteen afiliazio erreala edo ustezkoa zela eta errepresalian jasan zituzten sexu-indarkeria, erasoak, humilazioak eta diskriminazioa” [2].

Jakin badakigu Gerra Zibilean eta frankismoan eman ziren eskubideen urraketen aurrean zigorgabetasun politikoa eta judiziala direla araua. Horrekin batera emakumeek zigorgabetasun patriarkalari ere aurre egin behar diote eta kasu honetan frontea instituzioetan egoteaz gain etxeetan, lantokietan, ikastetxeetan, komunikabideetan, akademian, kaleetan... dago. Errepresioaren inguruan egiaren ikerketa prozesu orotan guztion erantzunkizuna da modu sistematikoan indarkeriaren generoaren araberako arrazoi eta inpaktuen multzoa aztertzea, dokumentatzea eta salatzea. Lanketa honetan seriotasunez sakondu ezean, memoriaren alde bai instituzioen bai jendarte antolatuaren partetik egiten diren ekimenen sinesgarritasuna bera egon daiteke kolokan. ♦

[1] HAYNER, Priscilla B. (1994): “Fifteen Truth Commissions – 1974 to 1994: A Comparative Study”, Human Rights Quarterly, 16 (4), 597-655.

[2] Egilearen itzulpena gaztelaniatik.