Euskal Memoriako blogak

Euskal Memoriako blogak

Memoria historikoa aurrera doa?

2016-02-05

Juan Mari Zulaika - Goldatuko kidea

Galdera honekin estreinatu nahi dut nire zutabetxoa. Beranduegi hasi zen Memoria eta oso gutxi egin du aurrera, alderdi batzuek aurka dituelako eta beste batzuek atzera begira. Espainiar gobernu aldetik urteak daramatza zeharo geldik. Francoren garaipenetik ia 70 urte igaro ziren Jose Luis Zapaterok Memoriaren alde lehen Legea eraiki zuenerako 2007-an, hutsunez beteriko legea. Esate baterako, desagertuen mapaketaz, bai dihardu, baina beraien irtenbidea aginte publikoei ordez, familiei egozten die arazo pribatu gisa. Gainera, oso ergelki jarri zuten praktikan. Adibidez, gogora “Valle de los Caídos”, non diraun Diktadorearen gorpua, omenezko ospakizunekin. Bertagokoak ere gogora ditzakegu.   

Memoria Legea azaldu aurretik ere landu zen Memoria eta famili askoek ahalegin handiz lortu zituzten bere eskakizunak, batez ere  pentsio eta laguntzen alorrean. 1977-ku Amnistia Legeak ba ditu horretarako arauak. Aurre-memoriaren arotzat jo daiteke  hura. Memoriaren Legeak haren dekretu batzuk  aipatzen ditu berrindartzeko, errepresaliatu frankista, fusilatu, preso eta abarren laguntzarako baliatu nahian. Kontraesan ikaragarriz Amnistia legearekin uztartzen du Memoria, nahiz eta hura azken puntu edo inpunitatearen legetzat eduki, krimenen erantzuleak epai-mahaira eramatea eta Memorian aurrera egitea galaraziz. Horrelakorik….

Rajoy-ek  bere aginpidean, finantziazioa ukatu dizkio, Legea derogatu balu beste lagaz bazterturik , bide bazterretan desagerturik dauden 140 mila gorpuak bezala. Baina, balio izan du Estatuko herri denetan mobimentu memoriazale ugari eta oldartsu bat sortzeko, hainbat eta hainbat talde eta plataformez osaturik.

Errekuperatu diren hilotz bakanak famili eta elkarteen borondate eta ahaleginei esker izan dira. 2.000 hobien kopurutik  278 baino ez ziren induskatuak izan 2000 urtetik 2012-ra bitartean, erakunde publikoen esku hartzerik gabe. Baltasar Garzon izan ezik, orain arte, soilik espainiar epaile bi izan dira horretara ausartu direnak, bata Almazan-go epaile andre bat bere kabuz eta bestea, Guadalajarakoa, Maria Servini Argentinar Kereilako Epailearen agindua beteaz, Timoteo Mendieta eta sei lagun desagertuen  bilaketan ari dena, 90 urteko Ascension alaba lekutik mugitzen ez zaiolarik.

Gure eskualdetan ere, Nafarroa barne, azken boladan zenbait erreskate lortu ditugu denen poztasunerako, familien ardura eta Aranzadi Taldearen lanei esker, beti judizial laguntzarik gabe. Lan hauek ezin ziren zortearen eskuetan utzi eta oraintsu argitaratu du Jaurlaritzak “Hobien Lokalizazio eta Indusketaren Euskal Egitasmoa 2015-20”, non azaltzen dituen zenbait hobi induskatu eta induskatzekoen zerrenda eta lan horietarako protokoloak. Senide interesatuen ADN-a lortzearen interesa aipatzen du, naiz eta azpimarratu ez horretarako banku baten beharra. Pausoak dira, baina beste dena bezala, arras berandu, biktimen seme-alabek  adinekoak egin direlarik. Tamalez, Memoria baino gehiago korritzen  du denborak, hura oso atzean utziz, ia ukitu gabe. 

Orain artean Argentinako Epai Elkargoaren eskutik  gabiltza, baina hango gobernuaren aldaketa eskuindarrak arriskuan jarri genitzaken une honetan, zein ondo datorkigun albiste berria, alegia, Nazioarteko Amnistiak kereila sartu duela Mexiko-ko Epai Elkargoan Felix Llorente desagertu espainiarraren alde. Horrela aseguratzen zaigu Memoria eta Justizia Unibertsalaren aldeko borrokaren jarraipena, bertako epaitegiak  mugitzen ez diren bitartean. Espainiar epaitegietara exhorto edo eskariak ugari helarazteko asmoa du Argentinar Kereilak. Aldi berean udaletxeak eurak kereilan aurkeztu daitezen  kanpaina bultzatzera doa. Hurrengoan hitz-egingo dugu honetaz. Ondoreak lortu ala ez salaketek, olatua gora dator indarraz. Barruko mobimendua eta kanpoko laguntzak ahal dezatela Estatu espainiarrari gangar ukakorra makurrarazi.

Gaur egun, udal berri esanguratsuenetakoek, hasi Bartzelonatik, Madril, Balentzia, Zaragoza eta beste zenbait eskualdetan, udal batzarretan harturiko erabakiek adierazten dutenez, bultzada eta garapen handia emango diote Memoriari, batez ere sinbologia eta desagertuei dagokienekoan. Halako isiltasunaren ondoren, Memoriari aro berria heldu zaiola deritzot, oraindik areago egingo duena, batez ere, gobernua ere ildo berean aldatuko balitz. Edozein izan gobernu berria eta aipatu ala ez gaia, erronka nagusienetako bat luke merezi duen helmugara Memoria eramaten. Carlos Slepoy  Kereilako abokatuak dion bezala, tantaz-tantako ahaleginaz lortuko dugu garapena.

Hurrengo txostenerako lagako dut Nafarroan aldaketako Gobernuak adostu berri duen Memoria Legea. Aurrekoa UPN-ek boikotatu zion, baina berria praktikan jarriko du ziur. Euskal Elkargoko Memoriaren berri ere ematea falta zaigu, ugaria, irregularra eta  denak bezala, berandukoa. Beti harritu nau oraingo Gobernuak Ibarretxeren Lege eta lanak imintzio barik saltatu izana. •