Albisteak

“Euskal Herriko Pegatak 2 (1980-1989)” liburua datorren astean aurkeztuko da Donostian

2018-09-21

Hurrengo ostiralean, irailaren 28an, Euskal Memoria Fundazioak bere aurtengo lan monografikoa: Euskal Herriko Pegatak 2, (1980-1989) aurkeztuko du Donostian. Euskal Memoria Fundazioaren azken lan monografikoak pegatinei buruzko ikerketa eta bilduma izan du berriro oinarri. Izan ere, adierazpen askatasunaren defentsan oso baliagarriak izan dira Euskal Herrian. Borroka luze eta iraunkor bezain garrantzitsuan, protagonista bilakatu dira. 1960ko hamarkadaren erdian sortutako lehen pegatinak eta garaikideagoak direnak, orotara 9.000 inguru bilduko ditu lan mardul honek eta 3 liburukietan argitaratuko dira. Bigarrenak, 1980tik 1989ra bitarteko 3.000 jaso ditu. Proiektuaren bigarren zatia da hau.   

Liburu hau ez ezik hurrengoak ere abiapuntu on bat izango dira hainbat ikerketa bultzatzeko. Fenomeno horren ezagutzan sakontzeko materiala eskura-eskura dugu lehen aldiz. Bilduma lanaz haratago, bestalde, aurkezpen beraren ordenari garrantzi berezia eman zaio. Batetik, 1980tik 1989ra bitarteko gertaerak kontatzen dira, eta, bestetik, geure herriaren eraikuntzari lotutako gaiak agertzen dira, hots, euskara, kultura, borroka politikoak eta sozialak, gazteak, emakumeak, beste herriekiko elkartasuna. Azken finean, mobilizaziorako arrazoi izan diren alderdi guztiak.

Iñaki de Nicolasen, Pablo Salgadoren eta Javi Ubiernaren eskuetan egon da edizio hona. Aurkezpena goizeko hamaiketan izango da Koldo Mitxelena Kulturunean eta ekitaldian hitza hartuko dute Iñaki Egañak, Euskal Memoria Fundazioko lehendakariak, Pablo Salgadok, lanaren koeditoreak, eta Xabier Arginzonizek, Boni Elkorok eta Rikardo Gonzalez de Duranak, pegatinen munduan adituek.

“Euskal Herriko Pegatak 2 (1980-1989)” liburua datorren astean aurkeztuko da Donostian
Liburuaren azala.