Albisteak

"Gogoan hartzeko izenak" liburua aurkezten da Donostian

2017-09-22

Euskal Memoria Fundazioak Donostian aurkeztu du bere aurtengo lan monografikoa: Gogoan hartzeko izenak argazki-liburua. Ekitaldian hitza hartu zuten Iñaki Egañak, Euskal Memoriaren presidentea, Itziar Salegik, Mikel Salegiren arreba, Eneko Etxeberriak, Jose Miguel Etxeberria Naparraren anaia eta Joseba Zabalzak, liburuaren egilea eta argazkilaria. Labur esanda, Euskal Herriko gatazka armatu eta politikoan isilarazitako biktimei buruzko lan indartsu eta, aldi berean, sentikorra da. Euskal Herriko gatazkari buruz hainbat liburu idatzi dira, ikuspegi desberdinekin, baina hitzaren ikuspegia izan da beti nagusia. Kasu gehienetan datuak eta iritziak nahastu dira argitatutako liburuetan, Euskal Herrian idazten diren testuak eta gure herritik kanpo idazten direnak. Testua izan da beti nagusia.

Kasu honetan ideia oso desberdina izan da. Lehenengoz, egilea ez da idazlea, argazkilaria baizik. Hortik aurrera gauza guztiak aldatzen dira eta irudia bihurtzen da nagusia. Liburuak baditu testuak, jakina, baina tresna garrantzitsuena, dudarik gabe, argazkia bera da. Heriotzaren lekura itzuli dira biktimen senideak: amak, anai-arrebak, seme-alabak, ilobak… Eta toki berberean, heriotza gertatu zen lekuan, denak agertzen dira argazkietan, biktimen izpirituen lekukotzat. Hori da liburuaren muina.

Liburuaren sar hitzan, egileak bere asmoa azaldu du: “Nire helburua fotografiatu ditudan pertsonen bizipenetan sakontzea izan da, haiengana berotasun handiagoz hurbiltzea, liburura hurbilduko direnen bihotza ukituko duen lan bat egitea. Handinaegia izan da agian, helburua. Irakurleek emango dute epaia”.

 

KMK-5

Bideoak