Albisteak

Gerra zikinaren erasoak jasan dituzten pertsonen zerrenda berritu eta osatu dugu

2016-12-21

Gerra zikinaren erasoak jasan dituzten pertsonen zerrenda berritua zintzilikatu dugu gure webgunean. https://www.euskalmemoria.eus/eu/db/hasiera helbidean duzue ikusgai, “1960tik aurrera” atalean, hain zuzen ere, non beste zerrenda batzuk ere agertzen diren. Oraingoz, 649 erasori buruzko informazioa bildu dugu. Gehiago izan dira, baina datu guztiak ez ditugunez, ikusgai ez jartzea erabaki dugu. 

Lehen begirada batean, erasoaren urtea, hori non gertatu zen eta noren aurkakoa izan zen ikusi ahal izango duzue. Izena klikatuz gero, berriz, erasoaren xehetasunak agertuko dira, alegia, data, eraso mota, ondorioak eta arduraduna.

Eraso bakoitzarekin dosier bat ere osatu dugu. Nola ikusi? Jo ondoko helbidera: https://www.euskalmemoria.eus/eu/db. Bertan, “Dokumentazio Gunera sarbidea” atalean, klik bat egin eta Euskal Memoriaren Dokumentazio Gunearen barruan egongo zara. Ezkerrean “katalogoa” atala dago. Klikatu eta “bilaketa orokorra” izeneko laukitxoan, goian aipatu zerrendan agertzen den edozein izen jarri. Segidan, erasoari lotuta bildu dugun informazio eta dokumentazio guztia azalduko da, baita, baldin badaude, argazkiak ere.

Erasoak, ugariak harago, askotarikoak ere izan dira. Pertsonak atxiki eta horiei GAL siglak edo svastikak gorputzean markatu, esaterako. Etxeen, baserrien, saltokien, autoen kontrakoak, lehergailu eta sute bidez, bereziki. Bahiketak, eta, horien ondorioz, torturak, mehatxuak edota kolpeak. Edo tiroketak, zaurituak eraginez.

Erasoen arduraduna, kasu gehienetan ezezaguna da. Erasoen sailkapen egokiagoa egite aldera, kontzeptu hori baliatu dugu, alegia, “ezezaguna”. Horren atzean, ordea, elementu parapolizialak edota ultraeskuindarrak agertu ohi dira. Orotara 462. Batallón Vasco Español (BVE) eta Triple A taldeek, adibidez, elkarrekin edo bakoitza bere aldetik, 65 eraso egin izan dituzte; GALek edo horren izenean, 47; Guerrilleros de Cristo Rey taldeak 12; Grupos Armados Españoles (GAE) taldeak, 13.

Eraso gehien-gehienak gizonezkoen aurkakoak izan dira. 500dik gora, hain zuzen ere. Emakumezkoen kontrakoak, ostera, 114.

Gipuzkoan 205 eraso gertatu izan dira, eta, ondoren, Bizkaian, 161. Nafarroan 123. Lapurdin, 81. Eta Araban, 34. Euskal Herritik kanpo ere izan dira beste hainbat eraso.

Sakabanaturik dagoen, lortzeko zaila edo ezkutukoa den informazio bilketa bat dago lan honen oinarrian, maiz nekeza. Hortik bere garrantzia.

Euskal Memoriaren babesle eta erabiltzaile guztien eskura jartzen dugu gaur. Ekarpenen, zuzenketen edo osaketen zain, betiere. •

Gerra zikinaren erasoak jasan dituzten pertsonen zerrenda berritu eta osatu dugu
Jesus Mari Ikurkori atentatua Errenterian,