Albisteak

40 urte beteko dira Guardia Zibilak Tolosan Gabon gauean egin zuen kargatik

2016-12-15

1976ko abenduaren 24an, Olentzeroko Koroen aurka kargatu zuen Guardia Zibilak Tolosan. Aurten, beraz, erasoaren 40. urteurrena beteko da. Gabon gaua zen eta tolosar askok gogoan dute, oraindik orain, gertaera. Urtero bezala, kaleak jendez gainezka zeuden Olentzeroren Koroak edo Udal Musika Bandaren kalejira ikusteko.  

Arratsaldeko zortziak aldera, bat batean, Guardia Zibilaren hainbat Land Rover azaldu ziren herrian. Kaleetan barrena zebilen jendeari eraso egin zioten, tiroka, gomazko pilotakadaka eta kulata-kolpeka. Kaleak hustu eta jendeak etxeetan hartu zuen babes. Gazte jendeak, berriz, aurre egin zion Guardia Zibilari.

Istiluek gauerdira arte iraun zuten. Kaleak Guardia Zibilak hartuta zeudenez, tolosarrak euren etxeetara ezin itzuli geratu ziren. Zauritu asko izan zen, eta, kontatzen denez, balaz zauritutakorik ere izan zen.

Gertaerari buruzko datuak eta testigantzak jaso nahi ditu orain Tolosako Memoria Taldeak. Hori horrela, datorren abenduaren 21ean, asteazkenarekin, 19:00etan, Tolosako Kultur Etxean bilera bat egingo da, eta, interesa duen edonori, bertaratzeko deia luzatzen dio lerro hauen bitartez.

Euskal Memoriako Tolosako Taldea

40 urte beteko dira Guardia Zibilak Tolosan Gabon gauean egin zuen kargatik
40 urte beteko dira Guardia Zibilak Tolosan Gabon gauean egin zuen kargatik