Albisteak

Irunberriko gertaerak gogora ekartzeko ekimenak 25. urteurrenean

2015-06-17

1990eko ekainaren 25ean Jon Lizarralde eta Susana Arregi ETAko kideak Irunberriko arroilan hilda agertu ziren, Guardia Zibilaren ordu askotako setioaren ondoren, eta German Rubenach ere larri zaurituta gertatu zen. Bere buruaz beste egin zutela zioen bertsio ofiziala frogatzeko modurik ez zen egon, eta egia jakitea aldarrikatzen ari dira beren jaioterrietan, gertakari haiek gogora ekartzeko ekimenen bitartez.

Ekitaldi hauen helburua gertaturikoa ahanzturan ez geratzea da, baita geure memoria historikoan biktima guztiak aintzat hartuak izan daitezen bidea egitea ere, beste hainbat eragilerekin batera sustatzaile lanetan ari den Oñatiko Euskal Memoriako lantaldeko kideen arabera. Susana Arregi oñatiarra zen.

Irunberri sentituz erakusketa zabalik dago astelehenaz geroztik Oñatiko Kultur Etxean, Iruñeko Arrotxapea (German Rubenach-en herria) eta Andoainen (Jon Lizarralderen jaioterria) erakusgai egon ostean. Erakusketan hiru herriotako hainbat artisten lanak daude ikusgai, eta Irunberriko setioaren albisteak sentiarazi ziena islatu dute euren artelanetan. Denera 30 lan baino gehiago batu dituzte, hainbat diziplinetakoak: ilustrazioa, taila, zeramika...

Itzaletik argira, egia eta bertsio ofizialak

Ekainaren 6an ibilaldia egin zuten Irunberrira Oñati eta Andoaingo herritarrek, eta gertakarien leku zehatzetan bertan Txemi Gorostiza (kasu honetaz arduratu zen abokatua) zein German Rubenach-ek gertaturikoen inguruko argipenak eskaini zituzten, bertsio ofiziala kolokan jartzen zuten datuak azalduz.

Gaur izango dute jarraipena ekitaldiek, Oñatin Egiari Zor-eko kide Ane Muguruza eta Karmelo Arregik eskainiko duten Itzaletik argira hitzaldiarekin. Datorren astean, berriz, gertakarien 25. urteurrena betetzen den egunaren bezperan, German Rubenach bera eta Txemi Gorostiza izango dira hitzaldia eskaintzen, Zer gertatu zen Irunberrin argitzeko hain zuzen ere.  

Martxoaren 26ean, Egia Jakiteko Nazioarteko Eguna eta bi egunera, mozioa onartu zuen Oñatiko Udalak, gertaturikoaren inguruko argipena eskatuz: “Gertaera hura, gure herriko historia hurbilaren parte da eta ezin dugu ahaztu. Hala, beharrezkoa iruditzen zaigu memoria egin eta gure ondorengoei han gertatutakoa jakinaraztea. Gainera, gure herrian normalizazio politikoaren eztabaida eta gatazkaren gainditze demokratikoa irekita daudenean, pentsatzen dugu beharrezkoa dela orduko egia osoa jakitea. Bizikidetzarako ezinbesteko urrats bezala ikusten dugu”.

Ikus Dokumentazio Gunean heriotza horien inguruko informazio gehiago.

Irunberriko gertaerak gogora ekartzeko ekimenak 25. urteurrenean
Irunberriko gertaerak gogora ekartzeko ekimenak 25. urteurrenean