Albisteak

Deserria, Euskal Memoriaren hurrengo lan monografikoaren ardatz

2015-06-01

Erbestearen gaiari ez zaio orain arte ikuspegi zabalean heldu argitalpen monografiko batean, are gutxiago azken bost hamarkadetan gertaturikoa aintzar hartuta. Euskal Memoria Fundazioak erronka horri heldu dio, eta deserria izango da, kasu askotan izen-abizenez hornituta, aurten -azaroan- babesleek jasoko duten liburuaren ardatz nagusia.

Erbestearen kontzeptuaren inguruko atalak emango dio hasiera argitalpenari, baita epealdi historiko bakoitzean honek izan dituen berezitasunek ere. Bigarren atal batek ibilbide historikoa Nafarroako konkistaraino garamatza, I. Mundu Gerrarainoko azterketa jasota, tartean karlistadek zein Primo de Riveraren diktadurak ihesaldiengan izandako eragina jasota. Ikerketak 1936ko altxamendu faxistaren ondorengo erbesteratze masiboari heltzen dio, izan ere 150.000 pertsonak jo baitzuten orduan erbestera, Hego Euskal Herriko populazioaren % 15 inguru.

Laugarren atalak frankismoa izango du oinarri, urtero 800 euskal herritarren ihesaldiak markatutako garaia –horietarik asko zerbitzu militarra sahiesteko-. 60ko hamarkadan, ETAren sorreraren ostean, sorturiko erbestea ere izango du hizpide atal honek. Kontrakoa ere irudi lezakeen arren, Frantziako estatuak hasieratik egin zion muzin ihesaldi aktibo horri, 1963. urtetik bertatik gertatu baitziren iheslarien lehen kanporatze eta konfinamenduak.

Lanaren azken atalak, zabalenak, 1978an Espainian Konstituzioa onartu zenetik aurrera euskal herritarren deserriak izandako epealdiak jorratuko ditu: estradizioen protokoloa, poliziatik poliziarako entregatze zuzenak, elkartasunaren kriminalizazioa, klandestinitatea eta aterpearen murrizketa, Paris eta Madrilen aldetik giza eskubide izateari uzteraino, bereziki euroagindu deiturikoa abian jarri ostean. 3.000 herritar inguruk ihes egin diote Hego Euskal Herritik tortura eta jazarpenari.

Deserriaren izen-abizenak

Honez guztiaz gain, Euskal Memoria Fundazioak errefuxiatuen anonimatua hausteko pausoa emango du. Karlistadetako epealdia albo batera utzita, garai hartako erbestealdia (35.000 iheslari) oso zabala izan bazen ere dokumentazio mailan euskarririk ez duelako, XX. mendetik aurrerako erbestearen aurpegiak izen-abizenez aurkeztuko ditugu, 1914tik gaurdainoko arrasto etengabea.

Deserria, Euskal Memoriaren hurrengo lan monografikoaren ardatz
Deserria, Euskal Memoriaren hurrengo lan monografikoaren ardatz