Albisteak

Frankismoak jazarritako emakumeek Euskal Memoriari eskaini diote Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako urrezko plaka

2014-07-09

Donostiako Aiete Jauregian egindako ekitaldi xumearen bitartez Euskal Memoriari eskaini diote frankismoan Tribunal de Orden Publiko delakoak auziperatu eta espetxeratutako emakumeek plaka, errepresioaren inguruko egia ezagutu eta ezagutarazteko egindako lana aitortuz. Gipuzkoako Foru Aldundiak maiatzean eskaini zien auzitegi frankistek jazarritako emakumeei ikurra, Ā«emakumeek injustizia bikoitza jasan baitzuten, erregimenarekin bat ez egiteagatik, haren kontra borrokatzeagatik, eta emakumeak izateagatikĀ».

Euskal Memoriaren izenean, Arantxa Erasunek eskertu egin die emakume errepresaliatuei eskaintza hau, "orain arte ezkutatu izan zaigun errepresioaren egia bildu, ezagutu eta hedatzeko egindako lanerako akuilu" gisa hartuko dutela ziurtatuta. Gipuzkoako hainbat herritatik (baita orain beste herrialdeetan bizi direnak ere) etorritako emakumeen ordezkaritzak helarazi diote urrezko plaka Euskal Memoriako ordezkariari: Josune Lasa, Amaia Aseginolaza, Maribel Garate, Maite Zubia, Kontxesa Perea, Arantxa Larrea, Izaskun Madariaga, Asun eta Pili Altzelai, Arantza Arruti, Eli Rekondo, Gema Apalategi, Karmele Ormazabal eta Lola Calvo. Espetxean eta bestelako esparruetan elkarrekin bizitako oroitzapenetan murgilduta aritu dira emakumeok, errepresio frankistaren memoria bizi. Atxiloketen, torturaren eta espetxearen inguruko kontakizuna berrosatzeko lanetan dihardu Euskal Memoriak besteak beste, eta halako eskaintzak bidean aurrera egiteko pizgarri dira, baita lekukotasunak jaso eta aurrerantzean ezagutarazteko aukera ere.

Frankismoak jazarritako emakumeek Euskal Memoriari eskaini diote Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako urrezko plaka
Frankismoak jazarritako emakumeek Euskal Memoriari eskaini diote Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako urrezko plaka

Estekak

Bideoak