Albisteak

"Euskararen kate hautsiak" liburua aurkeztu du Euskal Memoriak, hizkuntza jazarpenaren memoria ezagutarazteko

2013-11-27

Euskal Memoria Fundazioak hizkuntza zapalkuntzaren gaiari heldu dio oraingoan eta horren inguruko liburu mardula idatzi du Dabid Anautek, memoria dokumentala eta memoria bizia oinarri hartuta. Donostiako Aieteko jauregian egin dugu aurkezpena. Bertan, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari Zigor Etxeburua eta Oroimen Historikoaren zuzendari Marina Bidasoro, Joan Mari Torrealdai, Xabier Mendiguren, Itziar Aizpurua, Joxe Manuel Odriozola, Sagrario Aleman, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaorekin batera euskalgintzako hainbat erakundeetako ordezkariak ere bertan egon dira.

“Bazterketa, debekua, mespretxua, zigorra, jazarpena… errepresioa. Euskarak eta euskaldunok asko sufritu dugu, luzez, gure hizkuntza indarrez desagerrarazi nahi izan dutelako. Ez dute lortu, baina eragindako kaltea geure orainaren parte da”, hitz horiekin eman dio hasiera Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza jazarpenaren memoria liburuaren aurkezpen ekitaldiari Arantxa Erasunek, Euskal Memoria Fundazioaren kideak.

Erasunek azaldu duenez, liburua guztiontzako tresna izatea nahi du Euskal Memoria Fundazioak, oraina eta geroari begira. “Hurrengo belaunaldiei kontatzeko beharrezko dugulako kontakizuna, euskararen eta euskaldunen kontra egindakoaren egia ezagutu eta ezagutarazteko eta gertatutakoaren aitortzak soilik lortuko duelako zauriak ixteak eta euskara zamatzen duten kate horiek haustea”, esan du.

Liburuaren izenburuaren arrazoiak azaldu ditu Anautek eta lan honetan jasotzen diren bi ardatzak bilduko zituen zerbait bilatu zutela esan du.

“Euskararen aurkako zapalkuntza eta jazarpena da landu nahi izan dugun ardatzetako bat, liburuko ardatz nagusia; eta euskararen defentsa egin duen eta euskara bizkortu nahi izan duen mugimendua eta auzolana bestea, euskalgintza alegia”.

Herritarren ahotsa
Tituluaren esanahia ere azaldu du: “Bada, alde batetik euskarak eta euskaldunok nozitu dugun zapalkuntzak lortu duela euskararen katea haustea une eta gune jakin batzuetan, eta hausteko zorian utzi duela beste hainbatetan. Horregatik Euskararen kate hautsiak. Ez zuen, zorionez eta bistan denez, osoki lortu. Eta, beste alde batetik, euskararen herriak ere lortu du, hainbatetan, euskara loturik eta hankapeturik zeukaten kateak haustea. Horregatik Euskararen kate hautsiak”.

Anautek esan duenez, euskararen zapalkuntzak ezaugarri jakin batzuk dauzka, eta horiek jasotzeko ahalegina egin dute. Besteak beste, konstante historiko bat dela aipatu du, oso aspaldi hasi zena, denboran zehar iraun duena eta egun ere agortu ez dena. Eta baita askotariko moldeak dituela ere, eta era nahiz intentsitate ezberdinetan gertatzen den: agerikoa eta bortitza batzuetan, isilagoa eta leunagoa besteetan. Beti ez baldin bada, askotan eraginkor.

Liburuan zapalkuntzaren kronika moduko bat jasotzeaz gainera, zapalkuntza hori kontestualizatzeko asmoz euskarari zein euskararen historiari buruzko atalak gehitu dira. Zapalkuntzaren forma ugariak islatzeko ahalegina ere egin da eta horretarako adibide nahiz lekukotasun idatzi zein ahozkoak baliatu dira.

“Paperak eta herritarren ahotsak utzitako lekukotasunak bildu nahi izan ditugu, izen-abizendunak baitira jazarpena nozitu dutenak. Euskararen zapalkuntza ez da gauza abstraktu bat, norbaiti gertatu zaio, hiztunari eta herritarrari gertatu zaio. Ezinbestekoa da, beraz, horien ahotsa jasotzea”, esan du Dabid Anautek.

Oroimena berreskuratzeko ariketa izanik, atzera begiratua egin da ezinbestean. Bereziki, XX. mendeari erreparatu zaio, batez ere ahozkotasunari dagokionez.

“Zapalkuntzak ere badauka, ordea, bere ifrentzua: euskalgintza, euskararen defentsarako mugimendu soziala, mugimendu indartsu eta aberatsa, atal horretan ere protagonistetako batzuen ahotsa jasotzen ahalegindu gara. Liburu hau, beraz, ariketa kolektibo baten emaitza da”, Anauten esanetan. Eta bide batez, bertan parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkie. Aipamen berezi bat ere egin du, liburu honetan elkarrizketatu gisa parte hartu duen eta duela gutxi heriotzak eraman duen Jean Haritxelhar, hain zuzen ere.

Hizkuntzari erreferentzialtasuna
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok hartu du ondoren hitza. Gaur egun hizkuntza zapalkuntza ez dela amaitu berretsi du eta baita euskararen normalizazioari ez zaiola agenda politikoan behar bezalako lekua egiten aipatu du. Horren adibide, ekitaldia egin den areto horretan bertan orain dela bi urte egindako ekitaldia gogoratuz. “Euskal Herriko hamaika eragile politikok eta sindikalek, Nazioarteko hainbat aditurekin batera, gure herriaren historiaren zati bat idatzi zuten, mota askotako erpinak dituen gatazkarekin amaitzeko urrats esanguratsua eman zuten. Tamalez, euskalgintzako ordezkariak ez ziren Aieten izan, edo hobeki esanda, egun historiko horren bezperan gonbidatu gintuzten gure ekarpenak egiteko”.

Gaur egun bizi dugun testuinguruan liburuan jaso den zapalkuntza historikoa ez dela amaitu ere aipatu du Bilbaok, hainbat adibide aipatuz. “Estatu bateko agintariek hainbat udalerritan euskararen alde emandako urrats eragingarriak auzibidean jarri dituzte, Gobernu horrek berorrek agindua eman du D ereduko milatik gora irakasle ikertzeko eta kriminalizatzeko, beste Estatuko Gobernua XIX. mendeko legeria baliatzen ari da euskarazko irakaskuntza oztopatzeko. Katea hausteko saiakerak behin eta berriz”, esan du.

Irtenbidea nondik etorriko den ere iradoki du Kontseiluko idazkari nagusiak: “Egun bizi dugun garaian hizkuntzari zentraltasuna edo erreferentzialtasuna emateak ondorio hobeak ekarriko ditu, eta hori egiaztatu ahal izan da nola antzinaroan hala historia garaikidean zehar. Horrexegatik jarri behar eta nahi dugu euskararen, Euskal Herriko berezko hizkuntzaren, auzia agenda guztietan, garai berriari begira egoki koka dadin”.

"Euskararen kate hautsiak" liburua aurkeztu du Euskal Memoriak, hizkuntza jazarpenaren memoria ezagutarazteko