Albisteak

"Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian" argitalpena, torturaren egia ezagutzeko tresna

2012-12-01

Egiari Zor Fundazioarekin batera, Torturaren aurkako taldearekin batera, inoiz torturaren inguruan egin den bildumarik zabalena aurkeztu du gaur Euskal Memoria Fundazioak, amaitzeke dagoen lan bat adierazle eta, bereziki, lan kolektibo herritarraren emaitza. Torturaren egia ezagutarazteko ekarpena izan nahi duenak azken bost hamarkadatan torturatutakoen ahotsak jaso ditu.

Eta azken hamarkadaotan torturatutako horien parte hartzearekin egin da, azken hilabetetako bilduma-lanaz gain, “Oso latza izan da” torturari buruzko lan monografikoaren aurkezpena, horiekiko aitortza izan nahi baitu bereziki liburuak. Intxaurrondon, kaserna ilunetatik gertu, 200 pertsona torturatu elkartu dira, egia horren aurpegi eta ahots.
Julen Arzuaga lanaren idazle eta koordinatzaileak azaldu duenez, “liburuaren azpialdean testigantza hutsak jaso ditugu. Testigantza indibidualen txatalen bidez, erretazoen bidez, testigantza kolektibo bat osatzen saiatu gara. Hor ikusi ahal izan dugu torturaren pertzepzioa aldatu dela, orain dela 50 urtetako testigantzak mekanikoak ziren, tortura metodo batzuk zerrendatzera mugatuak. Geroago hasi zen barnean sentitzen zena gehitzen testigantzari. Larriena agian ez zen izan elektrodoa edo golpea, sentitutako doilorkeria, bizitako zitalkeria, gizagabekeria baino”.

Zentzu horretan, azpimarratu duenez, “testigantza kolektiboa saiatu gara egiten, fenomeno kolektibo batena. Izan ere oroitzapena kolektiboa izango da edo ez da izango. Liburu hau, lan hau, errekonozimendu ariketa bat da. Tributu bat ahaztutako horrenbeste pertsonari, beren bizipenak ezkutuan eduki behar izan dituzten euskaldunei. Lan hau, baina, ez da definitiboa. Balio dezala egia eta justiziaren alde, memoriaren alde, urrats gehiago egiteko”.

Torturatuak, aitortu gabeko biktimak

Egiari Zor elkarteko Unai Romanok azpimarratu du ukaturiko errealitate horren dimentsio osoa argitara ateratzeko konpromisoa azpimarratu du, eta baita torturaren biktima izan direnen ahotsa entzunaraztearen garrantzia ere. “torturaren praktika salatzearekin batera, hauxek lirateke hartu beharreko neurriak: estatuak bere erantzukizuna onartu behar du, torturatutako pertsonak aitortu, kaltea erreparatu eta Egiaren Batzordearen eraketa ahalebidetuz (edo sortzen den egia bilatzeko tresna-markoaren baitan) torturaren egia osoa ezagutarazi eta justizia bidean jartzeko konpromisoak egikaritu. Etorkizuneko erronka torturatu guzti-guztientzat Egia, Justizia, Erreparazioa eta errepikatuko ez denaren bermea lortzean datza. Inor ez dadila bidearen erdian geratu, inork ez dezala estatuaren ardura aho txikiarekin aipatu

"Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian" argitalpena, torturaren egia ezagutzeko tresna